Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

30. Osasun Biltzarra: Prebentzioa Auzolanean

3.4 Kiva programa finlandiarra

Egilea: Ainara Nuñez Azkorra

Betiko Ikastola


a) Sarrera

KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da. KiVa programa Finlandiako Hezkuntza Ministerioak finantzatu eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da, eskola-jazarpena murriztea xede duena. Frogatuta dago: KiVa-k eskolan jazarpena murrizten du eta ongizatea hobetzen du! Finlandian, Lehen Hezkuntzako ia eskola guztiak KiVa programa ezartzen ari dira.

Ikastoletan KIVa programa Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) erabiltzen da.

Ikastolako langile guztiek KIVa programaren berri dute, baita familiek ere. Jazarpenari aurre egitea denon ardura da, elkarlanean aritzea beraz, ezinbestekoa. Ikastola bakoitzak barne formakuntzak eskainiko ditu langile zein familia berrientzat.

Horrez gain familientzako gida txiki bat ere badago, KIVa webgunean topa daiteke.

 

b) Helburuak eta ekintzak

KiVa programaren helburu nagusia eskola jazarpenaren prebentzioa da baina ondo dakigu eskola jazarpena errealitate bat dela ikastetxe guztietan, beraz, helburu nagusia eskola jazarpena murriztea litzateke.

Hau horrela izanik beste helburu nagusi bat jazarpenak sortutako ondorio negatibo guzti horiek apaltzea litzateke: sufrimenduaren aitortza eginez; gelako giroa hobetzen saiatuz; talde kohesioa bultzatuz, …

Ikasleek bizitzarako hain garrantzitsuak diren hainbat gauza lantzen dituzte:

      besteak errespetuz tratatzen

      ikaskideen presioari eusten

      norberaren ardura hartzen

      “ezetz” esaten

KiVa programaren bitartez jazarpena identifikatzen eta aurre egiten lantzen dugu baina baita ere norbera bere burua ezagutzen; bere sentimenduak identifikatzen; gure erreakzioak ezagutzen; laguntza eskatzen; laguntza onartzen, … eta guzti hau modu sistematiko batean lantzen dugu, aldez aurretik planifikatutakoa eta norberak bere taldearen ezaugarriei egokitutakoa. Izan ere ezin dugu ahaztu programa honek talde osoarengan eragina duela, ez bakarrik biktima eta jazartzaileengan.

 

c) Jazarpena identifikatzea

Jazarpena edo “bullying-a” identifikatzea ezinbestekoa da. Jazarpena harreman zapaltzailea, botere eta indar abusua da. Jazarpena nahita, behin eta berriz eta erlatiboki babesgabea den edo botere txikiagoa duen pertsona baten aurkakoa da.

Liskarrak, eztabaidak, borrokak … ez dira jazarpena!

 

Jazarpenari aurre egitea ezinbestekoa da, ezin digu ahaztu eskola adinean dauden haurren %10 sistematikoki jazarriak izaten direla.

Jazarpen mota asko egon daitezke:

  • Gehienetan jazarpena ahozkoa izaten da: Iraintzea; jendaurrean barregarri uztea; gutxiestea, …
  • Materiala, arropa ezkutatzea edo apurtzea.
  • Zeharkako jazarpena: pertsonan bat taldetik baztertzea; berari buruzko zurrumurru gaiztoak zabaltzea; ikusezina balitz bezala jokatzea;..
  • Jazarpen fisikoa: bultzatzea, jotzea, ostikatzea, …
  • Ziberjazarpena: edozein momentuan egin daitekeena; oso errez zabaltzen dena, “ikusteko” zailagoa dena, …

Jazarpena ez da soilik erasotzaileen eta biktimaren arteko kontu bat. Jazarpena ematen den egoera gehienetan ikaskide talde bat bertan egoten da. Funtsezkoa da lekuko diren ikaskideek nola erreakzionatze duten jakitea, horrek baldintzatuko baitu jazarritako haurra noa sentitu den, jazarpen egoeraren bilakaera eta honen iraupena.

Erasotzaileek jazarpena beti modu publiko batean egiten dute, ikusleak behar izaten dituzte, … gogoratu hauen helburua ahulagoa den pertsona bati, nahita eta behin eta berriz, mina ematea dela.

 

d) Jazarpenaren aurrean hartzen diren rolak

Jazarpenaren aurrean taldekide bakoitzak rol bat du.:

  • Erasotzaileak (%9a): kontrako irudia proiektatu nahi badute ere pertsona ahulak dira, besteei mina emateko behar horrek agerian uzten du hainbat gabezi dituztela eta laguntza beharko luketela, baina euren jarrera onartezina da.
  • Erasotzaileen laguntzaileak (%8 a): Erasotzailearen jarrera bultzatzen dutenak, laguntzen diotenak, kobertura ematen diotenak,..
  • Erasotzaileen animatzaileak (%23a): Erasoaren ikusterakoan onarpen keinuak egiten dizkiote erasotzaileari: irribarre eginez; egoera hori normaltzat hartuz,.. Kasu gehienetan ez dute ontzat hartzen erasotzaileak egindakoa baina hurrengo “biktima” izatearen beldur dira eta nolabait sentsazioa dute jarrera hori dela eurengandik espero dena eta ez biktimaren alde egitea.
  • Onartzaile isilak (%27): Egoera onartezina dela jakin arren gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dutenak; egoera horiek ekiditeko alde egiten dutenak, …
  • Biktimaren defendatzaileak (%20): Biktimaren aldeko jarrera aktiboa dutenak eta biktimarentzat ezinbestekoa den babes emozionala eskaini ahal diotenak,..
  • Biktima (% 13): Erasotzaileak ahul bezala identifikatu ondoren behin  eta berriz eraso egin eta gero, biktimak taldean duen estatusa gero eta apalagoa da.

 

Ikusleen portaeran eragin egiten badugu, erasotzaileek ez dute saririk batuko. Ondorioz, jazartzeko motibazioa gutxitu egingo zaie. Beharrezkoa da erasotzaileei aurre egitea, portaera onartezina delako . Nahi dutena lortzeko agresioa eta erasoa erabili dezaketela ikasten badute heldutasunean delituak egiteko aukera handiak izango dituzte

Biktimek entzuten zaiela eta ikastolako nagusien laguntza dutela sentitu behar dute . Sarritan biktimek antsietatea, depresioa, bakardadea … sentitzen dute. Euren autoestima baxuak harreman berriak sortzeko zailtasunak eragiten ditu.

Jazarleak eta jazarriak, biak dira jazarpenaren biktimak.

Haur gehienek jazarpena ez dutela ontzat hartzen jakinda, ikasleek ulertu behar dute euren jokabideak jazarpenean eragina izan dezakeela.

 

e) Jazarpena gutxitzeko jarduerak

KiVa programaren oinarrian dagoen ideia nagusia “Elkarrekin jazarpena geldiaraztea posiblea dela” da eta gurea “KIVa Ikastola dela”, hau da, gurean ez dugula jazarpenik onartuko.

Hau guztia posiblea izateko, hau da, jazarpenaren aurrean ikasleek jarrera aktiboa eta positiboa izan dezaten, modu sistematikoan, ikasturte osoan zehar hainbat motatako jarduerak eginez lantzen dugu gaia. Jarduera guzti hauen bitartez lortu nahi ditugun helburuetako  batzuk ondorengoak lirateke:

  • Ikasleek ulertzea jazarpen egoeretan taldeak zer rol betetzen duen.
  • Biktimarekiko enpatia handitzea.
  • Biktima babesteko eta taldean jazarpena eragozteko moduak ikastea.

Jarduerak mota askotakoak dira: hausnarketak; jolas kooperatiboa; bisualizazioak; on line jokuak…

Horrez gain jolastordu guztietan patio zaintzan ari diren hainbat langilek KIVa txalekoa ( txaleko fosforitoa) aldean daramate ikasleek errez ikus dezaten laguntza behar izanez gero non gauden.

Lehen aipatu dudan bezala KiVa programak jazarpena murriztea du xede baina jazarpenari aurre egiteko programa ere bada.

Jazarpen egoeretan Ikastola guztietan gai horri aurre egiteko talde bat egongo da. Talde hori 3 pertsonez osatuta egongo litzateke, 2 irakasle eta, ahal izanez gero, zuzendaritza taldeko hirugarren bat. Ikastolako komunitate guztiak taldea nor osatzen duen ezagutu behar du: ikasle, langile, guraso, eskolaz kanpoko monitoreak … Jazarpenaren susmoa duen edonork talde horrengana jo behar du eta. Orduan protokoloa martxan jartzen da (KIVa protokoloa eta Hezkuntza saileko protokoloa bateragarriak dira, bai formetan zein epeetan).

“Erasoa” edo “ustezko jazarpenaren ” berri izan duen pertsonak galdetegi bat bete beharko du, datu bilketa bat hain zuzen ere. Behin datu guzti horiek jasota taldeak baloratuko du jazarpena izan daitekeen edo ez. Jazarpenik ez dagoela pentsatuko balu gaia irakasle-tutorearen esku geratuko litzateke; jazarpena egon daitekeela ustez gero KiVa taldearen esku geratuko da eta gaiari helduko dio irakasle-tutorearekin elkarlanean.

Lehenik eta behin KiVa taldeko kide batek edo bik, biktimarekin hizketalditxo bat izango du. Gertatzen ari denaren inguruko informazio zehatzena biltzeaz gain, biktimari babes osoa eskaintzea izango du helburu bilera honek.  Bilera honetan jazartzaileak identifikatzeaz gain biktimarentzat babesa edo laguntza eskaini ahal dioten ikasleak nortzuk izan daitezkeen aztertuko da.

Ondoren jazartzaileekin bilduko dira KiVa taldeko bi kide. Batek elkarrizketa bideratuko du, bigarrenak idazkari lanak beteko ditu elkarrizketan aterako informazioarekin eranskin bat betez. Hizketaldira jazartzaileak banan banan deituak izango dira eta gutxi gora behera hamar bat minutuko iraupena izango dute.

Elkarrizketa hauek bideratzeko bi metodo ezberdin erabili daitezke:

  • Auka egitekoa, zuzenean gairi heltzen diona aurrean dugun horren inplikazio zuzena zalantzan jarri gabe, adibidez, “zure gelako neska hau txarto ari da pasatzen eta badakigu gai honetan erantzukizuna duzula, zer egingo duzu egoera honi buelta emateko? ”…
  • Aurka ez egitekoa, aurrean dugunekin beste konplizitate batekin hitz egiten da, adibidez, “jakingo duzunez zure gela neska bat txarto ari da pasatzen, zer uste duzu egin dezakezula bera hobeto sentitu dadin?”…

Metodo bat zein bestea erabili, elkarrizketa amaitu baino lehen, jazarpenean parte hartu dutenen  konpromisoak idatziz jasota geratuko dira akta baten. Akta sinarazi egingo diogu eta aste betera beste hitzordu baterako deituak izango dira, hartutako konpromisoak betetzen ari diren edo ez jakiteko; konpromiso berriak hartzeko; gertatu den beste zerbait kontatzeko aukera izateko; …

Azkenik KIVa taldeak beste bilera bat egingo du biktimak bere laguntzaile bezala identifikatu dituen horiekin. Egoeraren laburpen txiki bat egin ondoren euren laguntza eta konplizitatea eskatuko zaie.

Lehengo kontaktu honen ostean KIVa taldea harremanetan jarriko da bai biktimaren zein erasotzaileen familiekin. Komunikazioa hau telefonoz izango da. Informatuak izango direla esaten zaie baina aldi berean euren seme-alabek hartutako konpromisoen bidez egoerari buelta eman ahal izateko aukera eskaini behar diegula adieraziko diegu. Hau da,konfiantza daukagula jazarpen egoera horrekin moztu dezaketela. Hori da hain zuzen ere  sentiarazi nahi dieguna  ikasleei zein familiei. Hori dela eta distantzia minimo bat eskatuko diegu, euren seme alabek aukera izan dezaten egin behar dutena egiteko.

Astero-astero jarraipen bilera laburrak egingo dira inplikatutako guztiekin. Lehenengo bilera beti biktimarekin izango da, ondoren jazartzaileekin. Egoerak hobera egin badu eta hartutako konpromisoak bete badituzte zorionduko ditugu eta konpromiso hauek mantentzera edo berriak hartzera animatuko ditugu. Bilera hauek mantenduko dira egoera erabat bideratu dela ikusi arte. Gero astero egin beharrean lantzean behin beste bileraren bat egin dezakegu errepaso modura.

Jazarpen kasu gehienak metodologia hau erabiliz bideratzea lortzen ohi da.

 

f) Jazarpena gutxitzeko KiVa-ren emaitzak

Finlandiako Turkuko Unibertsitateak hainbat ikerketa egin ditu KiVa programaren fase pilotuan (2007-2009) eta programa herrialde osora zabaltzean (2009tik aurrera) lortutako emaitzen inguruan.

Datuek garbi erakusten dute programak jazarpenaren eta biktimizazioaren maiztasuna murrizten duela.

Ikasturte amaieran, maiatzean hain zuzen ere,  KiVa programa erabiltzen duten ikastola guztietako ikasleek eta irakasleek inkesta bat betetzen dute. Inkesta internet bidez egiten da eta isilpekoa da. Datu horiek Finlandian aztertzen dituzte.

Ondoren Ikastola bakoitzeko KiVa arduradunak bere ikastolari dagokion txostena jasotzen du, ekainean bertan.

Txosten horretan ikastola bakoitzean emandako erantzunak jasotzen dira eta gainontzeko ikastoletan emandako erantzunekin konparazio grafikoak agertzen dira.

Txosten hau oso baliagarria izan daiteke gure ikastolako  erradiografia bat izateko, mailaz maila dauden kezkak identifikatzeko eta ikasturteko tutoretza plana osatzeko.

KiVa-ri buruzko ikerketen arabera, KiVa taldeek batez beste 6,5 jazarpen-kasuri aurre egin diete ikasturteko

Kasuen %97,7n, biktimaren esanetan, egoerak hobera egin zuen :

·         78.2%an guztiz desagertu zen jazarpena

·         19.5%ean gutxiagotu

·         2.% bere horretan jarraitu zuen

·         0.3%a areagotu

Hala ere kontuan izan, behin eta berriro jazarriak diren haurren kasuez soilik arduratzen dela taldea.

Kasuren batean lortuko ez balitz, ikasle talde horrekin lanean jarraituko genuke baina aldi berean Hezkuntza Saileko protokoloa martxan jarriz.

Datu hauek oso positiboak direla esan dezakegu. Jazarpena murrizteaz gain gelako giroa ere hobetzen da, beraz, ez al du merezi KIVa programa ezagutzea eta gure ikastolak benetan leku atseginak bihurtzea?

 

 

Bibliografia:

www.kivaprogram.net

 

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan