10. Osasun Jardunaldiak: Osasuna denontzat 2000. urtean
BEASAINGO INGURUNE FISIKOA
Egileak: B. SANCHEZ , V. CARRASCO , R. GOMEZ , A. URANGA , N. GARMENDIA , M. VELAZQUEZ , A. OIARBIDE
Donostiako Erizaintza Eskolako ikasleak. Donostia
Sarrera
SARRERA
Lan honetarako Beasaingo komunitatea aztertu dugu. Beasain Goierriko bailaran (Gipuzkoa) kokaturiko herri industrializatua da. Erizaintza komunitarioaren ikuspegitik, Beasaingo ingurune fisikoa aztertu nahi izan dugu egitura ekonomikoan eta hirigintzan oinarrituz; horrela, uraren, soinuaren, langintzaren eta etxegintzaren egoerak eta inguruan aurki ditzakegun faktoreek talde osasunean duten eragina ikusi ahal izango dugu.
Metodoak
MATERIALA ETA METODOAK
Ikerketa kualitatibo bat da eta deskribapen eta ondorengo azterketetarako lehen mailako iturriak behaketa eta ondoko hauei egindako elkarrizketak dira: osasun zentroko erizain eta medikuei, eguneko zentroko gizarte laguntzaileei, udaltzainei, hirigintzaren arduradunari, udaletxeko idazkariari, INEMi, ELAri, Sasieta Mankomunitateko arduradunari eta beste hainbat erakundetako arduradunei. Bigarren mailako iturriak ere erabili ditugu: udaletxeko eta INEMeko erregistro ezberdinak, bibliografia.
Emaitzak
EMAITZAK
Beasain oinarrizko egituren garapen eta aldaketa etengabeak dituen herri bat da. Aipatu ditugun zenbait faktore egoera onean dauden arren, sumatu dugu beste zenbaitzuek aldaketak behar dituztela. Hobekuntzak egin dira zenbait arlotan (araztegi eta kolektorearen bidezko uraren arazketa, sailkako zaborren bilketa, etxegintza, hiri ordenantzak eta elikagaien kalitatea) eta horiei esker faktore hauek egoera onean daude. Aireari eta soinuari dagokionez, esan beharra dago neurri normalen barnean sartzen diren arren (udaletxeak dionez), kontzentrazio industrialak eragin negatiboa duela Beasaingo biztanleentzat, airearen kutsatu eta zarata sortzen duelako. Bestalde, herriaren ekonomia industrian eta zerbitzuetan oinarritzen denez, esan beharra dugu jarduera horien zenbait baldintza arrisku faktore izan daitezkeela, hala nola substantzia toxikoen erabilera, txandak, makineria arriskutsuekin lana egitea etab.
Ondorioak
ONDORIOAK
1. Beasaingo komunitateak nabaritu egiten ditu airearen kutsadura eta zaraten gehikuntzak sorturiko molestiak, trafikoaren eta industriaren eraginagatik.
2. Pertsonek beren denboraren zati handi bat lanean igarotzen dute eta osasunean eragina duten baldintza fisiko, kimiko eta biologikoez inguratuta egon daitezke; ondorioz, erizaintzak bere jakinduria eta ikerketa garatu beharko ditu eta lan mundu honetara moldatu beharko du, hori bere eguneroko eginkizunetan kontuan hartuz.
3. Erizainak, faktore hauek eta beste guztiak aztertuz, sor daitezkeen beste arrisku batzuk antzeman ditzake, hala nola, istripuak, gaixotasunak (kronikoak, infekziosoak, lanbidekoak...) eta promozio eta prebentzio jarduetara bideraturiko proiektuak aurrera eraman ditzake ondorio horiei aurre egiteko edo/eta konpontzeko.