12. Osasun Jardunaldiak: Gaixo terminala. Zainketa aringarriak
KEZKAK: ERIZAINTZAKO IKASLEEK PRAKTIKA KLINIKOEZ DITUZTEN KEZKAK NEURTZEKO TRESNA ELEBIDUNA
Egileak: X Zupiria , MJ Uranga , MJ Alberdi , M Barandiaran , X Sanz , IM Gartziarena
Donostiako erizaintza-eskola. Erizaintza II saila.
Sarrera
Sarrera
Erizaintzako ikasleek praktika klinikoetan dituzten kezka nagusiak ezagutzeko eta neurtzeko tresna baten beharra ikusi genuen. Donostiako erizaintzako ikasleen artean % 55 elebidunak (euskara-gaztelera) izanik, tresna elebiduna izatea komenigarria zela pentsatu genuen.
Helburuak
Helburuak
Ikasleek praktika klinikoen inguruan dituzten kezkak neurtuko dituen tresna elebiduna eraikitzea eta balioztatzea (KEZKAK).
Metodoak
Metodoak
Aztergai izango den biztanlerian tresna eraikitzeko ideiak jaso ziren, aurreko urteetan egindako eztabaida-bileretan. Ideia horiek banaka bereizi eta 55 itemez osaturiko eskala 287 ikasleei pasa genien, STAI galdeketarekin batera. Pasaketa hori eskola orduan, abisurik gabe, boluntarioki eta era anonimoan egin zen. Item garbiketaren ondoren, 37 item zituen eskala geratu zen. Bi hilabetera, 114 ikasleek 37 itemeko eskala berriz erantzun zuten, eta sei hilabetera 145ek. Barne-egonkortasuna frogatzeko Cronbach-en a erabili da, eta fidagarritasuna frogatzeko Pearson-en koerlazioa (lehenengo neurketaren, eta bigarren eta hirugarren neurketen artean). Konkurrentzi baliagarritasuna frogatzeko, STAI galdeketarekin neurtutako larritasunerako joeraren eta KEZKAK galdeketarekin neurtutako kezka-mailaren arteko Pearson-en koerlazioa aztertu da. Eskala azpi-eskalaz osaturik dagoen ikusteko, osagarri nagusien faktore-analisia egin da, Varimax biraketarekin.
Emaitzak
Emaitzak
Galdeketak barne-egonkortasun garrantzitsua du (Cronbach-en a: 0,94), fidagarritasun nabarmena (0,71 bi hilabetera eta 0,67 sei hilabetera), eta konkurrentzi baliagarritasuna onargarria da (0,41eko koerlazioa larritasunerako joerarekin). Faktoreen analisiak, ideiak 8 faktoreren inguruan biltzen ditu. Faktore horiek barne-egonkortasun garrantzitsua dute eta aldagarritasunaren % 62,3 azaltzen dute. Faktore horiek kontuan hartuta, ikasleak gehien kezkatzen dituena sufrimenduarekin duen kontaktua, laguntzarik gabe aurkitzea (ezina sentitzea), min hartu edota egitea, gaixoarekin harremana ez kontrolatzea, beste osasun-lankideekin duen harremana, gaixoaren errespetua ez izatea, gehiegi inplikatzea, eta kontrola galtzea lirateke.
Ondorioak
Ondorioak
Tresnak horrek neurtu nahi genuena neurtzeko balio duela frogatu da (baliagarria eta fidagarria da). Ikasleen artean, kezkatuegiak dauden ikasleak antzemateko baliagarria izan daiteke. Gainera, denboran zehar aztertuz gero, egonkor mantentzen diren eta baretzen diren kezken artean ezberdintzeko egokia izan daiteke, irakaskuntza-prozesuan oso baliagarria izan daitekeelarik.