BIHOTZEKO GAIXOTASUN ISKEMIKOA GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN
Egileak: N LarraƱaga LarraƱaga, M Basterretxea Irurzun, L Arriola Larrarte
Epidemiologia Zerbitzua. Gipuzkoako Osasun Publikoko Ordezkaritza. Osasun Saila.
Sarrera
Sarrera
Herrialde garatuetan, bihotzeko gaixotasun iskemikoa (BGI) da lehen heriotza-kausa. Gipuzkoan 2003an heriotzen % 7,8 arrazoi honengatik gertatu ziren eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) % 8,4. Dena den, EAE Europar Batasunarekin alderatuz gero, BGIari dagokionez, hilkortasun-tasa baxuagatik nabarmentzen da. Intzidentzia-datuari dagokionez 1997tik 2000ra, IBERICA proiektuan barne jaso zirenak besterik ez izan arren, ospitaleko alten erregistroaren bitartez izan dezakegu BGIak eragin dituen ospitaleratzeen berri.
Helburuak
Helburua
Gipuzkoako eta EAEko populazioan 1996 eta 2003a bitartean BGIagatik izandako hilkortasuna eta ospitaleko alten bilakaera aztertzea
Metodoak
Metodoak
OSAKIDETZAko ospitale akutuen alten erregistroan 1996 eta 2003 bitartean, diagnostiko nagusian bihotzeko gaixotasun iskemikoa, hau da Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean 410-414 kodeekin agertzen diren alten kopurua aztertzen da eta adin, sexu eta urteen araberako tasen estimazioa egiten da. Hilkortasunaren erregistroan ere azterketa berdina egiten da, Heriotzaren Arrazoi Basikoa ardatz hartuta.
Joera analisia erregresioa sinple baten bitartez aztertzen da, modeloan urtez urteko alta/hikortasun-tasa estandarizatua (Europako populazio estandarra erabiliz) mendeko aldagai gisa sartuz, eta urtea aldagai independente modura.
Emaitzak
Emaitzak
Ikerketa-aldian Gipuzkoan BGIagatik 4.384 heriotza izan ziren eta 11.474 ospitaleratze, EAEn, berriz 13.378 heriotza eta 42.274 ospitaleratze. Hilkortasunaren eta alten tasak nabarmen igotzen dira adinarekin batera: Hilkortasun-tasak, gizonetan, 35 urtetik aurrera hasten dira igotzen, emakumezkoetan berriz ez da igoera nabaritzen 64 urte arte. Gizonekoen ospitaleratzeak 35 urtetik aurrera nabarmen igotzen hasten dira, emakumezkoenak, berriz, tasa baxuetan mantentzen dira 45 urtera arte.
BGIak, bai hilkortasunaren aldetik, bai ospitaleratzeen maiztasunagatik 1996tik 2003ko epean behera egin zuen. EAEn hilkortasun-tasak urteko% 3,4ko jaitsiera izan zuen gizonezkoetan, 1996an 100.000 biztanleko 99,2koa izan zen eta 2003an, berriz 75,3koa. Emakumezkoetan, berriz, tasen jaitsiera nabarmenagoa izan zen (% 4,6koa), 1996ko 38,4tik 2003ko 26,6ra. Alten tasak, berriz, gizonezkoetan soilik izen zuen jaitsiera adierazgarria (% 2,6), 1996ko 341,4tik 2003ko 284,6ra.
Ondorioak
Ondorioak
Gure komunitatean BGI arazo larria izan arren, azken hamarkadan beheranzko joera izan duela ikusten da, gehienbat gizonezkoetan.