Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

18. Osasun Jardunaldiak: Infekzioak

4.10 Abszesuen drainatzea ekografia gidaren bidez

Egileak: Olatz Gorriño Angulo, Miren Gorriño Angulo, Igone Korta Gomez, Laura Alvarez de Eulate, Silvia Cisneros Carpio, Jose Luis del Cura , Domingo Grande Icaran

Basurtuko Ospitalea - Erradiodiagnostiko Zerbitzua


Sarrera

SARRERA Gure ospitalean abszesu baten diagnostikoa egiten denean, irudi-gida bidezko drainatze perkutaneoa da bere tratamendurako ohiko prozedura. Posiblea izanik, ekografia da irudi teknikarik gogokoena, momentu orotan kateterraren muturra kontrolatuta izatea uzten baitu. Teknika honen eraginkortasuna neurtu nahi izan dugu.

Metodoak

METODOAK Horretarako, urte batean zehar ekografia gidaren bidez drenatu diren abszesuen (guztira 116) atzera begirako ikerlana egin dugu. Drainatzea “trokar teknikaren” bidez egin zen 7 eta 10 French bitarteko Skater kateterrak erabiliz. Ekografia gidarako HDI 3500, HDI 5000 eta IU11 (Phillips) motako ekografoak erabili ziren. Prozeduraren arrakasta, porrot eta birsortze tasak neurtu ditugu eta azken bien eta hurrengo faktoreen arteko harremana aztertu dugu: - Germen mota (bakterioa edo onddoa). - Abszesuaren jatorria (operazio ondokoa, ez operazio ondokoa edo pankreatikoa). - Abszesuaren kokalekua (goi-abdomena, pelbisa edo atal bigunak). Gainera abszesuaren jatorri eta kokalekuak drainatzearen iraupenaren gain duten eragina aztertu dugu. Analisi estatistikorako metodo deskriptiboak erabili ditugu eta %95eko esangura maila dauka. Aldagai kualitatiboen kontrastea Khi karratuaren probaren bidez egin dugu eta batezbestekoen alderaketa konparazio anitzetarako Anova eta Scheffé proben bidez.

Emaitzak

EMAITZAK Drainatutako 116 abszesuren artean, %8,6ak porrot egin zuen eta birsortu ziren. Onddoak hazitako abszesuen drainatzeen porrot tasa handiagoa izan zen bakterioenak baino; hala ere, diferentzia ez zen estatistikoki esanguratsua izan. Abszesuen jatorriari dagokionez, porrot eta birsortze tasarik handiena jatorri pankreatikoko abszesuetan topatu zen eta drainatzearen batezbesteko iraupena ere luzeagoa izan zen kasu hauetan, diferentzia estatistikoki esanguratsua izanik (p = 0,002). Abszesuen kokalekurik ohikoena goi-abdomena izan zen, baina ez ziren diferentzia esanguratsuak aurkitu porrot eta birsortze tasa eta abszesuaren kokalekuaren artean. Bestalde, diferentzia estatistikoki esanguratsua izan zen (p = 0,004) goi-abdomenean kokatutako abszesuen drainatzearen iraupena (16 egun) eta atal bigunetan kokatutakoenen artean (7,3 egun).

Ondorioak

ONDORIOAK Ekografia gida bidezko abszesuen drainatze perkutaneoa teknika eraginkorra da hauen tratamendurako, porrot eta birsortze tasak baxuak izanik. Abszesuaren jatorri eta kokalekuek eragina izan dezakete drainatzearen iraupenaren gain.

Azken Berriak

Ikergazte2025 kongresurako artikuluak bidaltzeko epea urtarrilaren 20an zabalduko dute
UEU-Udako Euskal Unibertsitateak aktolatuta, maiatzaren 28, 29 eta 30ean Bilbon egingo dute Ikergazte2025 diziplinarteko kongresua. Bere helburuak euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerke...
Ruben Garcia pediatra euskaltzalea gogoan
"Osatuberri" Osakidetzako euskara-aldizkariaren 74. zenbakia (2024ko azaroa-abendua) kalean da jada. Ale berri honetan, Ruben Garcia Perez Bilboko Txurdinagako Osasun Zentroko pediatra eta OEEko kidea zena gogoratu dute. Joan den azaroan zendu...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan