18. Osasun Jardunaldiak: Infekzioak
5.10. Potten gaitza
Egileak: Olaia Fernandez Berrizbeitia, Natalia Rivera Garcia, IƱaki Torre Salaberri, Francisco Garcia Llorente, Eva Galindez Agirregoikoa, M.Luz Garcia Vivar, Eduardo Ucar Angulo, Jose Miguel Gorordo Olaizola, J. Manuel Aranburu Albizuri
Basurtuko Ospitalea - Erreumatologia Zerbitzua
Sarrera
SARRERA Ornoen diskoan mikroorganismo baten hazkuntzari espondilitis infekziosoa deritzogu. Gizonezkoen artean ohikoagoa da eta arrisku faktore garrantzitsuena immunoeskasia dugu. Mycobacterium tuberculosis da infekzio honen eragile nagusia eta bere maiztasuna handitu da GIB kasuen eta etorkin kopuruaren handitzeagatik.
Helburuak
HELBURUA Infekzioaren susmoa dagoenean tratamendua lehen bai lehen ipintzea, kalteak ekiditeko.
Emaitzak
EMAITZAK Tuberkulosiak bizkarrezurreko diskoa kaltetzen duenean Pott-en gaitza esaten zaio. Bizkar-ornoekiko afinitatea dauka, nahiz eta HIESa dutenen artean gerri-ornoetan maizago ematen den. Tratamendurik ez ipintzekotan, konplikazioak ager daitezke: ornoen eta hauen arkuen haustura edo ornoen inguruan sorturiko abzesuak. Pazienteek normalean infekzioaren kokagunean bizkarreko mina sentitzen dute, baina batzutan ere febrikula, gaueko izerditzea, pisu galera, hotzikarak eta abzesuen ondorioz sorturiko sintomak suma daitezke. Susmoa dugunean proba osagarriak eskatu behar dira, horien artean: odol analisia, PPD, BK karkaxan eta irudi probak. Bizkarreko erradiografia sinplea eta eskanerra erabilgarrienak dira hezur suntsiketa, hedapena eta atal bigun minduak ikusteko. Hala ere, lesio goiztiarrak ikusteko edo lesio neoplasikoetaz desberdintzeko erresonantzia magnetikoa da eraginkorrena. Behin-betiko diagnostikoa egiteko, biopsiaren beharra dago. Orain arte, eskanerra erabili izan ohi da orratzaren bidezko biopsia egiteko. Gaur egun, bide berri bat erabiltzen hasi da Basurtuko Ospitalean bizkar-ornoa kaltetu denean. Honen bidez, hestegorritik behera sarturiko ekoendoskopioaren bidezko puntziarekin laginak lor daitezke mikrobiologia laborategira bidaltzeko. Mikroorganismo eragilea behin ezaguturik, tratamentu egokia jar daiteke. Emaitzak lortu arte, espektru zabaleko tratamendua ipini behar da, kontuan harturik beste patologia batzuek ere antzeko sintomak eta zeinuak aurkeztu ditzaketela, garrantzitsuenak hauek direlarik: beste bakterioek eta onddoek sorturiko infekzioak, tumoreak eta metastasiak, sarkoidosia, mieloma anizkoitza eta granuloma eosinofiloa.
Ondorioak
ONDORIOAK Tratamendu espezifikoa 6-9 hilabeteko terapia hirukoitzean datza (isoniazida, rifanpizina eta pirazinamida), eta honekin batera, atsedena, kortseen erabilera eta bizkarreko ezegonkortasunik agertzekotan ornoen fusioa beharrezkoa izaten da.