18. Osasun Jardunaldiak: Infekzioak
4.15. B HEPATITIS BIRUSAREN ALDAKORTASUNA HEPATITIS KRONIKODUN PAZIENTEENGAN
Egileak: Miren Basaras Ibarzabal, Elixabete Arrese Arratibel, Sonia Blanco Sampascual, Mercedes Sota Busselo, Pablo Ruiz , Ramon Cisterna Cancer
EHU - Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila; Basurtuko Ospitalea
Sarrera
SARRERA B hepatitis birusa erreplikatzen dagoenean, mutazioak gertatzen dira eta horiek alderantzizko transkriptasa (rt) genean detektagarriak dira. Aldaketa horiek birus honek duen aldakortasun genetikoa azaldu dezakete eta baita botika antibirikoen aurrean pazienteek garatzen dituzten erresistentziak ere, honek tratamenduaren porrota eragingo duelarik.
Helburuak
HELBURUAK B hepatitis kronikoa duten paziente talde batean birus honen genotipoa identifikatzea eta antibirikoez (lamibudina, adefobir dipiboxil edo entekabirra) tratatzen direnean, beraien erresistentzia maila ikustea, mutazioak detektatuz.
Metodoak
PAZIENTEAK ETA METODOAK Basurtuko Ospitalean Digestio Aparatuko Zerbitzuan tratatzen diren 17 paziente jarraitu dira, denek B hepatitis kronikoa dute. Genotipoak aztertzeko INNO-LIPA HBV Genotyping eta erresistentziak ikusteko INNO-LIPA HBV DR v2 metodoak erabili dira.
Emaitzak
EMAITZAK D genotipoa ugariena da aztertutako taldean (%58,8), eta ondoren, A genotipoa (%35,3). Paziente batengan koinfekzioa zegoela detektatu da (D/E genotipoak aldi berean), emaitza sekuentziatuz baieztatu da. Adefobirraz tratatuta dauden 12 pazienteetatik hiruk erresistentzia garatu dute: batek, mutazio bikoitza du, rtA181V eta rtN236T, tratamenduaren 21. hilabetean detektatuz; besteak, mutazio bakarra du, rtA181V, tratamendua hasi eta hirugarren urtean; eta hirugarren pazienteak ere mutazio bakarra du, rtN236T, tratamenduaren laugarren hilabetean garatu izanik. Lamibudinaz tratatuak dauden 4 pazienteetatik, bik garatu dute erresistentzia: batek, mutazio bikoitza du, rtL180M eta rtM204I, tratamenduaren 9. hilabetean; eta besteak, mutazio bakarra du, rtM204I, tratamenduaren 18. hilabetean. Erresistentzia garatu duten paziente guztiak D genotipoaz infektatuak dira.
Ondorioak
ONDORIOAK Basurtuko Ospitalean B hepatitis kronikoa duten pazienteengan D genotipoa ugariena da. Tratamenduan dauden pazienteengan erresistentziak detektatzea oso garrantzitsua da, eta horretarako metodoak arina izan behar du. Erresistentzia ematen duten mutazio horiek guztiak erlazionatuta daude tratamenduaren porrotarekin, eta teknika honen bidez antzeman daitezke mutazioak; honela, paziente baten tratamenduan laugarren hilabeteetan mutazioa detektatu da.