18. Osasun Jardunaldiak: Infekzioak
5.25. Oxa-40 karbapenemasa genearen kokapena acinetobacter baumanniin
Egileak: Cristina Valderrey Labiano, Elena Sevillano Peña, Adelaida Umaran Sanchez, Felicitas Calvo Muro, Lucia Gallego Andres
EHU – Medikuntzako Fakultatea - Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila; Santa Marinako Ospitalea
Sarrera
SARRERA Acinetobacter baumannii bakterioak, zainketa berezien gelatan hainbat infekzio-agerraldiren eragilea eta heriotza-kausa garrantzitsua da. Ospitaleko andui askok antibiotikoak erresistitzeko geneak biltzen dituztenez tratamendua gero eta zailagoa da. Santa Marinako Ospitalean bakartutako A.baumanniiren imipenen-erresistente diren anduiak 1999tik aztertu ditugu eta OXA-40 karbapenemasa entzima sortzen duten anduiak gehiengoa direla egiaztatu dugu. (Entzima hau azken urteotan Iberiar Penintsulan endemiko bihurtu da).
Helburuak
HELBURUA Lan honetan, zunda espezifiko baten bidez blaOXA-40 genea miatu dugu Acinetobacter baumanniiren genoman kokatzeko, eta beste birulentzia-geneekin eta egitura genetiko mugikorrekin dituen loturak nabarmentzeko.
Metodoak
METODOAK Horretarako, 1999an, 2003an eta 2005ean OXA-40 karbapenemasa sortzen duten Santa Marina Ospitaleko 18 A.baumanniiren andui hautatu ditugu. Bakartzeak genotipatuz ospitale honetako andui gehienak bi klon nagusietakoak direla nabarmendu dugu. II klona gero eta gutxiago agertzen den bitartean I klona nagusitu da. Andui guztien hurrengo ezaugarriak aztertu ditugu: Birulentzia-geneen presentzia: blaOXA-51, blaOXA-23 eta blaOXA-58 karbapenemasak; kolonizazioarekin lotutako piliaren genea (csuE) eta inbasioarekin lotutako porinarena (ompA). Egitura genetiko mugikorrak: Plasmidoak, pAb2 plasmidoaren presentzia, I motako integroiak eta ISAba1, ISAba2 eta ISAba3 txertatze-sekuentziak. Zunda espezifiko baten bidez blaOXA-40 genea miatu da egitura genetiko mugikor guztietan.
Emaitzak
EMAITZAK A.baumannii espeziean komuna den OXA-51 izan ezik ez dugu beste karbapenemasarik topatu OXA-40 andui sortzaileen artean. Birulentzia-geneak (ompA eta csuE) andui guztietan aurkitu ditugu, baina bariante genetiko ezberdinak daude klonaren arabera. ISAba1 txertatze sekuentzia da gehien agertzen dena, hainbat anduik ISAba2 dute eta ez dugu ISAba3rik aurkitu. Andui guztiek 550 eta 1200bp tarteko integroiak eta plasmido asko dituzte 2,5 eta 125 kilobase artekoak. Beste lurraldeetako A.baumannii anduietan deskribatu den pAb2 plasmidoa I klonetako andui guztietan topatu dugu; II klonetako anduien artean behin baino ez da agertu. blaOXA-40 genearen zundak leku askotan eman du seinale, gehienbat 8 eta 32kb bi plasmidoetan.
Ondorioak
ONDORIOAK Aztertutako bi klonetan tamaina bereko plasmidoak daude eta OXA-40 karbapenemasaren zunda batera agertzen diren 8 kilobase eta 32 kilobaseko plasmidoekin hibridatzen da beti. Plasmidoetan kokatzeak blaOXA-40 geneari zabaltzeko aukera handia ematen dio A.baumannii eta beste espezie patogenoen artean.