Nola babestu ditzakegu osasun profesionalok amagandiko edoskitzea emaginaren edota pediatraren kontsultatik at?
Egilea: Ruben Garcia
Txurdinagako Osasun Zentroa – Lehen Mailako Bilbo Eskualdea
Sarrera
1992an Osasun Mundu Erakundeak eta UNICEFek Haurren Lagunak diren Ospitaleak ekimena abiarazi zuten, amagandiko edoskitzea bultzatu asmoz. Emaitzak positiboak izan arren, lana ez da bukatzen amak ospitaletik ateratzen direnean eta horregatik, hamarkada honetan bertan Lehen Mailako Osasun Zentroak bultzatu nahi dira antzeko ekimen batean parte har dezaten, 7 urratsetako plangintza baten barruan.
Bai gaixotasun kronikoa duten amen kasuan, bai prozesu akutu bati aurre egin behar diotenean, ohikoak izaten dira bularra ematen ari diren amen kontsultak botikak erabili eta bularra ematen jarraitzeari buruzkoak izatea. Hala ere, klinikan aritzen garen profesionalok ez daukagu beti denbora edota informazio iturri egokia eskura, hauei behar bezalako erantzuna eman ahal izateko. Izan ere, erreferentzia erabilienetakoa, Vademecuma, ez dabil oso fin kontu hauei dagokionez.
Hori dela-eta, ondo etorriko litzaiguke oinarrizko farmakodinamia -eta farmakozinetika-kontzeptu batzuk gogoratzea, bularra ematen ari diren emakumeei bularra kentzea ez aholkatzeko, guztiz beharrezkoa ez bada. Gutxi baitira esnearen bidez haurrari kalte egiten dioten botikak eta ondorioz bularra baztertzeko eskatzen dutenak.
Botika zerrenda luzeak erabilgarriak izan daitezke, baina buruz erabiltzea ez da ez metodorik seguruena ezta fidagarriena ere jarduera honetan aritzeko.
Erreferentzia leku azkarra eta segurua behar dugu gure kontsultetara datozen amei ebidentzian oinarritutako aholkurik ahalik eta onena eman ahal izateko amagandiko edoskitzearen inguruan edota beraiek erabil dezaten. Horretarako teknologia berriek aukera ezin hobea eskaintzen digute. Esku-eskura daukagun tresna sinplea dugu aurkeztu nahi duguna, www.e-lactancia.org web orria, botiken datu base zabala eta amagandiko esnean duten eragina biltzen dituena. Kontsultak izen komertzialak, printzipio aktiboak edota talde farmakologikoak erabilita egitea ahalbidetzen du, baita aukera seguruagoak eskaini ere. Gure inguruan gero eta erabiliagoak diren terapia alternatiboetako substantziak ere biltzen ditu.