Acinetobacter baumanniiren ikerketa molekularra Infekzio nosokomialak kontrolatzeko
Egileak: Elena Sevillano , Ikerne Rosales , Felícitas Calvo , Adelaida Umaran , Lucía Gallego
Euskal Herriko Unibertsitatea, Medikuntza Fakultatea - Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saila
Sarrera
Acinetobacter baumannii patogeno oportunista da pazienteen bizitza arriskuan jartzen duten gaixotasun nosokomialak sortzen dituena: arnas eta gernu bidekoak, zaurietakoak, bakteriemiak... Infekzio horiek garatzen ohi dituzten pazienteak eskuarki immunogutxituak dira: aurretiko gaixotasunak, aurreko tratamendu antibiotikoa edo ospitaleratze luzeak jaso dituztenak. Aipatutako gaitzak oso zailak dira tratatzen Acinetobacter baumannii isolamenduak multierresistenteak direlako. Beraz, bakterio horrek ospitaletan arazo larriak sor ditzake hilkortasun handiko infekzio agerraldiak eraginez.
Helburuak
Osakidetzako ospitale batean A. baumanniik sortutako infekzioen eboluzioa ezagutu nahi genuen; hain zuzen ere infekzioetan inplikatutako bakterioaren klona zehatzak, erresistentzia geneen presentzia eta horiekin lotutako ospitalean zehar hedatu ahal dituzten elementu genetiko mugikorren presentzia. Ezagutza hori hasierako abiapuntua izango litzateke Acinetobacter baumannii diagnostikatzeko teknika azkarrak eta eraginkorrak garatzeko, bakterio horrek eragindako agerraldien kontrola ospitaletan lortzeko.
Metodoak
Aztertutako A. baumannii anduiak: 1999tik 2008ra isolatutakoak. Profil-genetikoa eta klona multierresistenteen azterketa: PCR-fingerprinting. Erresistentzia geneen (karbapenemasen) identifikazioa: Multiplex-PCR. Egitura genetiko mugikorren detekzioa: PCR, 1 motatako integroiak detektatzeko eta kit bat plasmidoak detektatzeko.
Emaitzak
1998tik 2008ra egindako lanak bi klon nagusien presentzia ezagutarazi zigun, horietako bat iraunkortasun handikoa eta OXA-40 karbapenemaren eramailea zena; urteetan klon hori nagusitzen joan da, gaur egun detektatzen den klon bakarra izanik. Karbapenemasa kodetzen duen genearen presentzia hedatzen joan da, eta gaur egun isolamenduen 0ak gene honen eramailea da. Elementu genetiko mugikorrei buruz, aminoglikosidoen geneak garraiatzen zituzten 1 motako integroiak detektatu ziren hasieratik, eta bere presentzia gora joan da urteetan zehar. Plasmidoak ere detektatu ziren, OXA-40 karbapenemasarekin erlazionatuta zeudenak; plasmido horiek urteetan mantendu eta hedatu egin dira.
Ondorioak
Gure inguruko isolamenduak klon iraunkortasun handiko berekoak dira eta OXA-40 karbapenemasaren eramaileak dira. Gene hori plasmido batean aurkitzen da, bere hedapenari baimentzen diolarik. Tipifikazio teknikak oso erabilgarriak izan dira klon horien identifikazio azkarra egin ahal izateko eta horrela kontrol-neurriak hartzeko, hala nola pazienteen isolamendua..., ospitale mailan arazo larriagoak ez sortzeko.