Kabergolina obarioen hiperestimulazio sindromearen prebentzioan: ikerketa prospektibo errandomizatua hidroxietil almidoiarekin tratatutako pazienteengan
Egileak: Maider Andrés Arribalzaga, Rosario Mendoza Hourtouat, Antonia Expósito Navarro, Begoña Prieto Molano, Roberto Matorras Weining
Gurutzetako Ospitalea - Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzua
Sarrera
Obulutegien Hiperestimulazio Sindromea lagundutako birsorkuntza tekniken konplikazio posible larri bat da. Prebentzio neurri ugari proposatu izan dira, hauen emaitzak eztabaidagarriak izanik. Ikerlan batzuek kabergolinak (agonista dopaminergikoa) iragazkortasun baskularraren gehikuntza saihesten duela proposatzen dute, Obulutegien Hiperestimulazio Sindromea eragotziz. Ikerlan ugari burutu dira, hainbat diseinurekin, hauen emaitzak eztabaidagarriak izanik. Bestalde, obuluen puntzioa gauzatzen den bitartean konposatu ezberdinen isurpena, albumina edota hidroxietil almidoia esaterako, gomendatuak izan dira Obulutegien Hiperestimulazio Sindromearen prebentzioan.
Helburuak
Kabergolinak Obulutegien Hiperestimulazio Sindromearen maiztasuna jaisten duen neurtzea.
Metodoak
Kasu kontrol motatako ikerlan errandomizatu prospektiboa burutzen da, zeinetan Obulutegien Hiperestimulazio Sindromerako arrisku altua (serumeko estradiol gehienezko maila >3.000 pg/ml bezala zehaztua) duten 98 emakume barrutzen dira. Hauek, lagundutako birsorkuntza teknikak erabili dituzte Gurutzetako ospitalean. 6% hidroxietil almidoiaren 500ml administratu zitzaien kontrol taldeko emakumeei obuluen puntzio-momentuan eta tratamendu taldeko emakumeek, aipatutako hidroxietil almidoiaren dosiaz gain, kabergolina 0,5 mg eguneko. 8 egunez jaso zituzten, giza koriogonadotropina hormonaren administrazio-egunean hasita.
Emaitzak
Kontrol eta kasuen taldeak homogeneoak ziren adina, gorputzaren masa indizea, gonadotropinen guztizko dosia, estradiol maximoa eta ateratako obuluen zenbatekoari dagokionez, talde bien arteko ezberdintasuna estatistikoki ez esanguratsua izanik. Tratamendu taldeko 3 kasutan Obarioen Hiperestimulazio Sindromea antzeman zen (intzidentzia osoa %7.0), 2 arinak eta 1 larria izanik, ospitalizazioa behar izan zuenak 7 egunez. Kontrol taldean Obarioen Hiperestimulazio Sindrome kasu 1 behatu zen (intzidentzia osoa %2.1). Haurdunaldi tasa, berdintsua izan zen 2 taldeetan, ezberdintasunak estatistikoki ez esanguratsuak izanik. Berdina antzeman zen erditze tasan.
Ondorioak
Gure saileko Obarioen Hiperestimulazio Sindromerako arrisku altuko kasuan, kabergolina administratzearen gehitzea, hidroxietil almidoia jaso zuten emakumeengan ez zen mesedegarria izan Obarioen Hiperestimulazio Sindromearen intzidentzia jaisteari dagokionez. Haurdunaldi tasan ere ez zuen eraginik izan kabergolinaren administrazioak. Ondorioz, Obarioen Hiperestimulazio Sindromerako arrisku altua duten pazienteengan, hidroxietil almidoiaren administratzearen eragin onuragarria (baten bat badu ere) ez da handitzen kabergolinaren administrazearen gehitzean.