4.2. Badator gripea!
Egileak: Arrate Bengoa Gorosabel, Edurne Altube Arabiurrutia, Jone M. Altzibar Arotzena, Nerea San Miguel Bengoa, Purificacion Telleria Viana
Osakidetza. Bergarako Osasun Zentroa; Osakidetza. Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetza; EHU-Bilbo. Medikuntza Fakultatea.
Sarrera
Azkenengo 3 urteetan, A gripe berria agertu zenetik gaur eguneraino hain zuzen ere, gizarteak birus honekiko duen perspektiba asko aldatu da. Izan ere, komunikabideek gai honekiko hartu duten jarrera funtsezkoa izan da egungo egoerara heltzeko.
Helburuak
Aurkezpen honetan zehar azaldu nahi duguna zera da: Azkenengo hamar urtetako lau denboraldi desberdinetan jasotako gripeari buruzko datu epidemiologiko, mikrobiologiko eta kliniko objektiboak emanez hauek aztertzea eta A gripearen andui berriak izan duen inpaktua ikustea.
Metodoak
Ikerkuntza bi metodoren bidez burutu dugu: epidemiologikoa eta mikrobiologikoa.
Datu epidemiologikoak Mediku Jagoletza Sarearen bidez jaso ditugu. Sistema honen helburua, gaixotasunaren ezagutza sakontzea eta lehen mailako atentzioaren kalitatea hobetzea da. Horretarako, 1998. urtetik honaino gripeak urtero zainketa berezia izan du, eguneroko kontsultako datuak jasoz. 40 mediku inguruk astero euren datuak bidaltzen dituzte (%3 biztanleak kontrolatuak daude).
Zainketa urrian (urteko 40. astean) hasten da eta hurrengo 20 astetan zehar mantentzen da (A gripe berria izan ezik, kasu honetan urte osokoa izan baitzen). Datu hauek astero Gipuzkoako Osasun Saileko Zuzendaritza Ordeari bidaltzen dizkiogu. Hauek, Bizkaiako eta Arabako Osasun Sailekin batera, datuak bildu, aztertu eta Erkidegoko txosten orokor bat kaleratzen dute astero, birusaren tasak azalduz.
Horrez gain, ikerkuntza mikrobiologikoa ere egiten da. Prozedura honakoa da: Eztarriko lagin bat hartu eta laborategira bidaltzen da. Bertan, PCR eta kultibo baten bidez birusa identifikatzen da. Esan beharra dago datu mikrobiologiko hauek ondoren epidemiologia txostena osatzeko erabiliko direla.
Emaitzak
Kasuak:
- 2001-02. urtean: 198 kasu (2. astetik 12. astea arte) (tasa altuenak 4, 5 eta 6. astean)
- 2005-06. urtean: 144 kasu (7. astetik 14. astea arte) (tasa altuenak 10, 11 eta 12. astean)
- 2009-10. urtean: 205 kasu (26. astetik 50. astea arte) (tasa altuenak 44 eta 46. astean)
- 2010-11. urtean: 81 kasu (50. astetik 8. astea arte) (tasa altuenak 52, 1 eta 2. astean)
Mikrobiologia. Laginen emaitzak:
- 2001-02. urtean: 24 eztarriko lagin jaso genituen. Hauetatik %83 positiboak izan ziren. Positiboen artean %60a B motako gripeari zegokion eta gainontzeko %40a A motakoari (bertan H3 motako 7 kasu eta H1 motako kasu bat erregistratu ziren)
- 2005-06. urtean: 32 lagin. %71,8 isolatze positiboak izan ziren (%52,1 AH1N1 motakoa eta %39 1B motakoa)
- 2009-10. urtean: 64 eztarriko lagin. %55 positiboak eta denak AH1N1 andui berrikoak izan ziren
- 2010-11. urtean: 45 eztarriko lagin. %35,5 positiboak eta 16 AH1N1 andui berrikoak eta 6 B
Negatiboen artean emaitza hauek lortu ziren:
- 2001-02. urtean: ez zen begiratu
- 2005-06. urtean: parainfluenza kasu 1 eta adenobirus kasu 1
- 2009-10. urtean: adenobirus kasu 1 eta 2 parainfluenza kasu
- 2010-11. urtean: 6 adenobirus kasu, 4 errinobirus eta birus sintzitial kasu eta parainfluenza eta koronabirus kasu bat
Konplikazioak:
2001-02. urtean:
- 11 otitis (%5,5) eta 2 miositis (%0,64)
- 2 ospitaleratu (batek diabetesarekin debutatu zuen eta besteak koagulazio arazoak izan zituen)
2005-06. urtean:
- 4 otitis (2,7%)
- Pneumonia1 (0,6%)
- 2 miositis (1,3%)
- Mokorreko sinobitis 1 (0,6%)
- Konplikazio larri bat ere ez
2009-10. urtean:
- Ospitaleratu 1 (aurretik diagnostikatutako glomerulonefritis kronikoa zuen)
- Berak eta beste bi umek Tamiflu hartu zuten (muineko atrofia eta kardiopatia larria zuten)
- 2 pneumonia
- 4 otitis
2010-11. urtean:
- 2 otitis
Ondorioak
Datu guzti hauek aztertu ondoren, ondorio batzuetara heldu gara. Alde batetik, argi geratu da A gripearen andui berria beste guztiekin alderatuz desberdina izan dela, 3 arrazoi nagusigatik:
1. Sasoi epidemiologiko desberdin batean azaldu zen. Hau da, anduiaren agerpena 2009-10 eta 2010-11 urtetako 2 denboralditan eman zen eta hain zuzen ere, lehenengo denboraldia uztailean hasi eta abenduan bukatu zen.
2. Arrazoi mikrobiologikoa. Izan ere, egoera normal batean denboraldi bakoitzean gutxienez 2 influenzabirus mota desberdin isolatzen ditugu. Baina, A gripe andui berriaren 1. denboraldi osoan 2. denboraldiaren hasieran bera bakarrik isolatu zen.
3. 2010-11. urtean izan zuen konportamendu kliniko, epidemiologiko eta mikrobiologikoa orokorrean normala izan zen.
Bestetik, deigarria iruditu zaigu eman dituen konplikazioak normala baino gutxiago izan direla.
Beraz, A gripearen inguruan sortutako alarma mediko-soziala gehiegizkoa izan dela ikusi dugu. Egia da, birus desberdin baten aurrean hartu beharreko prebentzioa handiagoa dela, baina, oraindik birusari buruz asko daukagu ikasteko gizartean beldurra sartu aurretik.