5.6. Ekografia, umeen artritisa aztertzeko
Egileak: Olaia Fernandez Berrizbeitia, Natalia A. Rivera Garcia, Jose Manuel Gorordo Olaizola, Jose Miguel Aranburu Albizuri
Osakidetza. Basurtu Ospitalea.
Sarrera
Basurtuko Ospitalean Erreumatologia Pediatriko Unitate bat dago. Honetan gaixotasun erreumatikoak dituzten umeak ikusten ditugu, horien artean garrantzitsuenak: Haurtzaroko Artritis Idiopatikoa, Artritis Erreaktiboak eta ehun konektiboko gaitzak (Lupus eritematoso sistemikoa, dermatomiositisa…).
Gaixotasun erreumatikoek tratamendu barik eboluzio oso latza dute helduetan. Umeen kasuan, euren gorputza hazten dagoenez, konplikazioak esponentzialki areagotzen dira. Hazten ari den hezur batek lesioak jasaten baditu, honen garapena hasieratik okerra izango da eta helduaroan arazo ugari izango ditu. Bestalde, gaixotasun erreumatikoak aktiboak mantentzen direnean, sistema desberdinetan arazoak agertzen dira, hala nola, afekzio kardiobaskularrak, bizkar muineko arazoak edo begietakoak.
Gaixotasun erreumatikoak helduetan eta umeetan desberdinak dira. Umeek batzuetan mina dutenik ez dute kontatzen eta azterketa kliniko makroskopikoa zein analitikoa normala izan daiteke, nahiz eta gaixotasuna aktiboa egon.
Helburuak
Teknika fidagarri bat bilatzea gaixotasun erreumatikoak aktibo dauden jakiteko eta beharrezkoa den tratamendua ezartzeko.
Metodoak
2011. urtean Erreumatologia Pediatriko Unitatean ikusitako artritisa zuten ume guztiei ekografia muskulueskeletikoa egin genien azken generazioko Esaote ekografo batekin. Horien artean, aktibitate subklinikoa adierazten zuten giltzadurak, bestaldeko giltzadurarekin konparatu genituen eta hurrengoko asteetan jarraitzen genuen umea, nahiz eta klinikarik ez aurkeztu.
Emaitzak
Artritisa zuten umeen artean, tratamendu espezifikoarekin garapen klinikoa ona izan zen. Bi herenak asintomatiko jardun zuen eta beste herenak sintoma oso gutxi edo gaixotasun aktibo xamarra aurkeztu zuen tratamendua izan arren. Giltzadura eta atal bigunen ekografiak azal azpian zegoen aktibitatea erakutsi zigun. Zenbait kasutan, gaixotasuna aktiboa zegoela ikusi genuen, batez ere sintomak zituzten pazienteen artean. Baina, asintomatikoak zeuden umeen artean, aktibitate subklinikoa ikusi genuen kasu batzuetan. Azkeneko hauek aste batzuen buruan agerraldi berri bat izan zuten.
Ondorioak
Ekografiari esker, gaixotasun erreumatikoak hobeto kontrola ditzakegu umeengan. Horrela aktibitate subklinikoa dagoenean, tratamendua areagotu dezakegu agerraldi berri bat eta ondorioz ematen diren konplikazioak eragotziz. Ekografia teknika segurua da, umearentzat ez du erradiaziorik suposatzen eta kontsulta berean azterketa fisikoa eta subklinikoa egin dezakegu, erresoluzio altuko kontsulta lortuz.