Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

23. Osasun Biltzarra: Haurtzarotik Gaztarora...

4.9 Haurtzaindegira joateak gaixotzeko joeran eta osasun gastuan duen eragina, EAEko lehen mailako atentzioko 6 kontsultetan

Egileak: Maria Jesus Sarrionandia Uribelarrea, Pedro Gorrotxategi Gorrotxategi, Ines Aseginolaza Iparragirre, Maria Jose Reguilón Miguel, Rosario Saracho Arbaiza, Andrea Di Michele Russo, A.Marta Oses Perez

Abadiño, Pasaia, Zumaia, Astigarraga, Laudio, Dunboa-Irun eta Ermuko Lehen Mailako Atentzioko pediatrak


Sarrera

Gaur egungo gizarte-eredua dela eta, gero eta gehiago dira haurrak zaintzeko haurtzaindegia aukeratzen duten familiak, gero eta adin txikiagoarekin. Haurtzaindegiak dira adin honetan infekzioak agertzeko arrisku-faktore nagusienetakoa.

Helburuak

Haurtzaindegira joateak gaixotze-tasarekin eta osasun-gastuarekin duen zerikusia ezagutzea.

Gurasoen hezkuntza-maila eta lan-egoerak haurtzaindegiaren erabilera goiztiarrarekin izan dezakeen zerikusia ezagutzea.

Metodoak

EAEko pediatriako 6 kontsultetan jaiotzatik hasi eta 24 hilabetera arte jarraitutako ume-kohorte batekin egindako azterketa longitudinal eta prospektiboa da. Ikerketan 171 haurrek parte hartu dute. Horietatik bi azterketatik kendu dira, goiztiarrak (prematuroak) zirelako (GA 29 astetik behera).

Aldagai independentea haurtzaindegira joatea edo ez joatea zelarik, azterketa egiteko haurrak 3 taldetan banatu ziren: haurtzaindegira 0-6 hilabete artean hasi zirenak, 7-24 hilabete bitartean hasi zirenak eta 24 hilabeterekin haurtzaindegian hasi gabe zeudenak. Menpeko aldagaiak 6, 12, 18 eta 24 hilabeterekin izan zituzten infekzio transmitigarrien kopurua eta kontsulta- eta ospitaleratze-kopurua. Datu soziodemografikoak ere batu dira.

Banaketa Normala denean aldagai jarraitua desbiderapen estandardun bataz besteko moduan aurkezten da, eta ez denean balio zentrala eta hein interquartiliko (Q1, Q3) moduan. Aldagai jarraituen Mann-Whitney frogarekin egin dira taldeen arteko konparaketak eta aldagai kategorikoentzako khi- karratua edo Fisher froga zehatzarekin. Estatistikoki esanguratsua p<0,05 onartu da.

Emaitzak

Gurasoen ezaugarri soziolaboralak aztertu ondoren amaren ikasketa-maila handiagoak (p=0,032) eta etxetik kanpo lan egiteak (p=0,005) haurtzaindegira arinago joatearekin lotuta dagoela ikusi da. Aiten ezaugarriak aztertzean hau ez da gertatzen.

Gaixotze-tasa 0-6 hilabetekoak eta 7-24 hilabetekoak konparatuta ez da desberdintasunik nabaritzen. Baina, 24 hilabeterekin haurtzaindegira joan direnak eta ez direnak konparatuta gaixotze-tasa orokorra, ospitaleratze-tasa eta lehen mailako arreten kontsulta-kopurua handia dela ikusi da lehen talde honetan, (p=0,05), (p=0,013) eta (p=0,022) hurrenez hurren.

Ondorioak

Aztertutako adin tarte honetan haurtzaindegira joateak bai gaixotze-tasa eta bai ospitale eta lehen mailako arretako osasun-baliabideen erabilerak gehitzen ditu.

Haurtzaindegietara goiz joatea ama lanera itzultzearekin oso harreman estua duenez, familiei haurra zaintzeko beste modu edo aukerak eskaini beharko litzaieke.

Bibliografia

Ochoa Sangrador C, Barajas Sanchez MV, Muñoz Martín B. Relación entre la asistencia a la guarderias y enfermedades infecciosas agudas en la infancia. Una revisión sistemática . Rev. Esp. Salud Pública 2007; 81 (2): 113-129.

National Institute of Child Healt and Human Development Eary Child Care Research Network. Child Care and common communicable illnes in children aged 37-54 monts. Arch Pediatr Adolesc Med 2003; 157. 196-200.

Lafuente Mesanza P, Lizarraga Azparren M, Ojembarrena Martinez E et al. Escolarización precoz e incidencia de enfermedades infecciosas en niños menores de 3 años. An Esp Pediatr. 2008 (68): 30-38.

Azken Berriak

OEEren Osasun Biltzarraren ahozko komunikazioen aurkezpenak ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan ahozko komunikaziopen aurkezpenak  aurkituko dituzue ondoko loturan: https://youtu.be/5-9n9WMRQFc Ahozko komunikazioak: - 01:45:37 "Heriotza eta dolu...
OEEren Osasun Biltzarraren bigarren mahai-ingurua ikusgai
Urriaren 25ean Zornotzan egindako Osasun Biltzarraren bideoekin jarraituz, aste honetan bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten osasun-arloko profesionalen hitzaldiak aurkituko dituzue ondoko loturetan: Bigarren mahai ingurua: "Betiko gaix...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan