23. Osasun Biltzarra: Haurtzarotik Gaztarora...
5.10 Ekografia, erreumatologia pediatrikoko unitatean
Egileak: Olaia Fernandez Berrizbeitia, Natalia Rivera Garcia, Javier Humayor Yañez, Eva Galindez Agirregoikoa, Esther Ruiz Luzea, Iñaki Torre Salaberri, M.Luz Garcia Vivar
Basurtuko Unibertsitate Ospitalea
5.10 EKOGRAFIA, ERREUMATOLOGIA PEDIATRIKOKO UNITATEAN
Sarrera
Basurtuko Ospitalean Erreumatologia Pediatriko Unitate bat daukagu. Bertan, gaixotasun erreumatikoak dituzten umeak ikusten ditugu, horien artean garrantzitsuenak: Haurtzaroko Artritis Idiopatikoa, Artritis Erreaktiboak eta ehun konektiboko gaitzak (Lupus eritematoso sistemikoa, dermatomiositisa…).
Gaixotasun erreumatikoek tratamendu barik eboluzio oso latza izaten dute helduetan. Umeen kasuan, euren gorputza hazten dagoenez, konplikazioak esponentzialki areagotzen dira. Hazten ari den hezur batek lesioak jasaten baditu, honen garapena hasieratik okerra izango da eta helduaroan arazo ugari izango ditu.
Bestalde, gaixotasun erreumatikoak aktibo mantentzen direnean, sistema desberdinetan arazoak agertzen dira, hala nola, afekzio kardiobaskularrak, bizkar muineko arazoak edo begietakoak.
Gaixotasun erreumatikoak helduengan eta umeengan desberdinak dira. Umeek batzuetan ez dute esaten minik dutenik, eta azterketa kliniko makroskopikoa zein analitikoa normala izan daiteke, nahiz eta gaixotasuna aktibo egon.
Helburuak
Erreumatologia pediatrikoko Unitatean ekografiaren bidez egiten dugun lana azaltzea. Gaixotasun erreumatikoak umeengan aktibo dauden jakiteko, ekografia teknika fidagarria dela erakustea.
Metodoak
2011 urtetik aurrera, Erreumatologia Pediatrikoko Unitatean ikusitako artritisa zuten ume guztiei ekografia muskulueskeletikoa egin genien azkeneko generazioko Esaote MyLab ekografo batekin. Horien artean, aktibitate subklinikoa adierazten zuten giltzadurak beste aldeko giltzadurarekin konparatu genituen, eta hurrengoko asteetan jarraitzen genuen umea, nahiz eta klinikarik ez aurkeztu.
Bestalde, ekografiak ematen zigun informazioa erresonantzia magnetikoak emandakoarekin parekatu genuen.
Emaitzak
Artritisa zuten umeen artean, ekografiak hipertrofia sinobiala eta doppler-zeinua aurkezten zuen, eta informazioa erresonantzia magnetikoarekin bat zetorren. Zenbait kasutan zalantzan geundenean, hipertrofia sinobial fina
ikusten genuen eta kasu gehienetan erresonantziak ere hantura txikia zegoela adierazten zuen. Hortaz, ekografiaren sentsibilitatea esanguratsua da. Ekografia normala iruditzen zitzaigunean, kasu gehienetan gaixotasunaren aktibitaterik ez zuen aurkezten erresonantziak, nahiz eta zenbait kasutan positiboa izan. Bestalde, ekografiak isuri sinobiala dagoen adierazten digu eta irudi teknika hau erabili dezakegu artrozentesia eta puntzioak gidatzeko.
Ondorioak
Ekografiari esker, gaixotasun erreumatikoak hobeto kontrola ditzakegu umeengan. Horrela, aktibitate subklinikoa dagoenean, tratamendua intentsifikatu dezakegu, brote berri bat eta ondorioz ematen diren konplikazioak ekidinez. Ekografia teknika segurua da, ez du erradiaziorik suposatzen umearentzat eta kontsulta berean azterketa fisikoa eta subklinikoa egin ditzakegu, erresoluzio altuko kontsulta bihurtuz. Gainera, erresonantzia magnetikoarekin lorturiko emaitzekin bat etortzen da kasu gehienetan.