23. Osasun Biltzarra: Haurtzarotik Gaztarora...
5.27 Sindrome hemolitiko uremiko tipikoa
Egileak: Izaskun Naberan Mardaras, Nerea González Temprano, Ane Vila Urizar, Amaia Sagastibeltza Zabaleta, Ainhoa Izeta Lizarraga, Inmaculada Nadal Lizarbe
Pediatria Zerbitzua, Haur Kirurgia Zerbitzua eta Aurpegi-masail kirurgia Zerbitzua. Nafarroako Ospitalegunea
Sarrera
Sindrome hemolitiko uremiko (SHU) tipikoa bost urtetik beherako umeen giltzurrun-gutxiegitasun akutuaren etiologiarik ohikoena da. Sintomen hirukote tipikoa anemia hemolitiko mikroangiopatikoa, tronbozitopenia eta giltzurrun hutsegite larria dira.
Helburuak
Gastroenteritis enteroinbasiboarekin larrialdi-zerbitzura aste berean datozen bi edoskitzaileen kasu klinikoak aurkeztea.
Metodoak
Datuen iturria Nafarroako Ospitaleko Historia Kliniko Informatizatua izan da.
Emaitzak
1. go kasua
Bost egunez beherako odoltsua izateagatik larrialdi-zerbitzura doan 10 hilabeteko edoskitzailea. Okadak, sukarra, suminkortasuna eta oliguria aurkezten ditu. Senitartekoen artean ez dago ingurune epidemikorik. Hasieran deshidratazio arina du, bizi-konstante guztiak normalak izanik. Odol- azterketan anemia, tronbozitopenia eta giltzurruneko gutxiegitasun akutua nabarmentzen dira. SHU susmoarekin zainketa intentsiboetako unitatera (ZIU) doa monitorizazio eta tratamendu egokirako. Bertan globulu gorrien transfusioa jasotzen du eta gorozki-laginen kultiboan E.Coli 0157:H7 hazten da, berotoxina sortzailea. Lau egun ospitalean eman ondoren, asintomatikoa, etxera doa SHU tipikoaren diagnostikoarekin. Kontsultan egindako jarraipenean bilakaera egokia pairatzen du.
2. kasua
Hiru egunez beherako odoltsua, petekiak eta okadengatik larrialdi- zerbitzura doan 22 hilabeteko edoskitzailea. Gainera, febrikula, sabeleko mina, suminkortasuna eta tolerantzia ezegokia aurkezten ditu. Senitartekoen artean ez dago ingurune epidemikorik. Miaketan dehidratazio moderatua eta petekiak nabarmentzen dira, bizi-konstante guztiak normalak izanik. Odol-azterketan anemia, tronbozitopenia, giltzurruneko gutxiegitasun akutua eta eskistozitoak identifikatzen dira. SHU susmoarekin, ZIUra doa, monitorizazio eta tratamendu egokirako. Gorozki laginen kultiboan E.Coli 0157:H7 hazten da, berotoxina sortzailea. Bost egun ospitalean eman ondoren, asintomatikoa, etxera doa SHU tipikoaren diagnostikoarekin. Kontsultan egindako jarraipenean bilakaera egokia pairatzen du.
Ondorioak
SHU tipikoaren hilkortasuna %5-10 artekoa da eta giltzurruneko gutxiegitasun kronikoa edo hipertentsioa pairatzeko arrisku faktorea da. Horregatik, jarraipen estua gomendatzen da. Aurkeztutako bi kasuen eragilea E.Coli enteroinbasiboa da. Kasuen %90-95ak honako ezaugarriak ditu: adin txikiko haurrak izatea, udaldiko hilabeteetan ematea, aipatutako hirukote klinikoa izatea eta bilakaera onuragarria izatea. Gure bi kasuek ez zuten dialisiaren beharrik izan eta ez zuten giltzurrun kanpoko sintomarik pairatu. Tratamenduaren helburu nagusiak monitorizazio estua eta euskarria dira, beti ere giltzurrun funtzioaren jarraipen estua egin behar dela gogoratuz.