Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

25. Osasun Biltzarra: Osasuna eta Kirola

4.10 Hartu eta eman, eman eta hartu. Elkartrukeen garrantzia emakume pilotariengan

Egilea: Uxue Fernandez Lasa

0


pdf  HARTU ETA EMAN, EMAN ETA HARTU. ELKARTRUKEEN GARRANTZIA EMAKUME PILOTARIENGAN

Sarrera

Jarduera fisikoa onuragarria da pertsonen osasun, ongizate eta bizi kalitaterako (Cantón, 2001). Kirol jarduerak eta aisialdiko jarduera fisikoa egitea mesedegarria da emakumeentzat, jende berria ezagutu eta sozializatzeko aukera sortzen baitu (Egibar eta Garai, 2009; Walseth, 2008). Gainera, emakumeengan jarduera fisikoarekiko atxikimendua lortzeko bide ere bada hau gozamen iturri izatea (Roster, 2007).

Helburuak

Emakume pilotariengan sozializazioa ikertzea. Kideen jarduerak eta hauekiko hartu-emanek nolako izaera, eragina eta garrantzia duten aztertzea.

Metodoak

Datu-bilketa 2011-2012 denboraldian, irailetik ekainera, emakumeak eta euskal pilotaren inguruan gauzatutako etnografia lan baten bidez egin zen. Ikerlanean Gipuzkoako hiru aisialdiko paleta ikastarotako 22 eta 60 urte bitarteko 28 emakumek hartu zuten parte, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan antolatutako ikastaroetakoak. Behaketa parte-hartzaile eta elkarrizketa tekniken bidez lortu zen informazioa. Datuen analisiak hiru aldi izan zituen: hasierako analisia edo aurkitzea, kategorizazio eta kodifikazioa eta interpretazio bidez lotura eta kontzeptuak sortzea. Horretarako ATLAS.ti 6.2 softwarea erabili zen.

Emaitzak

Pilotakada zein saioetako hitz-jario eta bizipenak elkarrekin partekatzeak, talde-izaerak eta elkarreraginak presentzia eta garrantzia handia dute aisialdiko pilotariengan. Parte-hartzaileen artean sortzen diren laguntasunezko loturak eta talde-giroa funtsezkoak bezain aberasgarriak dira pilotan aritu eta norbere buruarekin zein ingurukoekin gustura sentitzeko. Kantxan hasitakoa kantxatik kanpo ere hedatzen da zenbait kasutan, gainera, pilotalekuko asteroko saioetatik at ere elkarrekiko harremanari eutsiz, jarduerarekiko atxikimendua sustatu eta indartuz.

Ondorioak

Harreman eta elkartrukeen munduak itzal luzea du emakume pilotariengan, berezko dute elkarrekikotasuna, elkarrengana batzeko nahi, gogo eta beharra. Talde-izaera, sentimendua eta giroa gustagarri bezain gozagarri dira emakume pilotarientzat. Horregatik, taldea pilotarientzat helduleku sendoa da, pilotalekuetako jardueraren habe nagusietako bat.

Bibliografia

- Cantón, E. (2001). “Deporte, salud, bienestar y calidad de vida”, Cuadernos de Psicología del Deporte, 1(1), 27-38.
- Egibar, M. eta Garai, B. (2009). “Emakume sokatiratzaileekin elkarrizketan: kirol-sozializazioa” in O. Usabiaga, J. Castellano eta J. Etxebeste (arg.), Innovar en la Actividad Física y el Deporte, www.gidekit.com, Vitoria-Gasteiz, 385-402.
- Roster, C. A. (2007). “‘Girl Power’ and Participation in Macho Recreation: The Case of Female Harley Riders”, Leisure Sciences: An Interdisciplinary Journal, 29, 443-461.
- Walseth, K. (2008). “Bridging and bonding social capital in sport-experiences of young women with an immigrant background”, Sport, Education and Society, 13(1), 1-17.

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren azaroko hainbat irakurgai daude jada. Horietako batean, Begoña Velasco Bilbo-Basurtuko ESIko Prebentzioko Oinarrizko Unitateko erizainari eta Beatriz Martinez arlo bereko teknikariari hitza eman diete. Osasunbib...
Donostia Ospitalean ere ospatuko dute Euskararen Eguna
Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren inguruan, biharramunean, ekitaldia egingo dute Donostia Unibertsitate Ospitalean. Gauzak horrela, hilaren 4an, asteazkenean, besteak beste, Biogipuzkoako adituak izango dira adimen artifizialari eta osasunari buruz hit...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan