27. Osasun Biltzarra 2017: Aniztasuna osasunean
4.4 Genero-nortasunaren nahasteak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko unitateko emaitzak
Egileak: Naroa Martinez Zilloniz, Arantza Meabe Elorza, IƱaki Brouard Urkiaga
0
Sarrera
Transexualitateari buruzko prebalentzia-azterlanen berrikuspen sistematikoak eta meta-azterketek berriki ondorioztatu dutenez, azken 50 urteotan, transexualitatearen prebalentziari buruzko hainbat estimazio egin dira eta estimazio horiek oso desberdinak izan dira. Hein batean, erabili duten metodologiarengatik, erabili duten sailkapen diagnostikoarengatik, eta azterketak egin ziren urte eta herrialdeengatik. 12 azterlanen meta-azterketan 4,6 kasuko prebalentzia ezarri zuten 100.000 biztanle bakoitzeko: emakume transexualen kasuan 6,8 eta gizon transexualen kasuan 2,6.
Pertsona hauen osasun-premiak betetzeko, 2009. urtean, Osakidetzak EAE osorako erreferentziako Genero Nortasunaren Nahasteetako Unitatea (GNNU) sortu zuen Gurutzetako Ospitalean. Diziplina anitzeko unitatea da: Psikiatria, Psikologia, Endokrinologia eta Kirurgia Plastikoa eta Konpontzailea, eta egoeraren arabera eta kasuan kasu (kudeaketa pertsonalizatua), beste espezialista batzuk ere sar daitezke lantaldean, hala nola: Dermatologia, Ginekologia, Urologia, Barne-medikuntza, ORL eta Errehabilitazioa.
Helburuak
2009. urtean martxan jarri zenetik GNNU-n izandako emaitzak aurkeztea, gure kasuan, Ginekologiako zerbitzuan eskainitako tratamenduan zentratuz.
Metodoak
Jasotako datuen arabera, GGNU-n 210 heldu transexual tratatu dira, emakume eta gizon transexualen prebalentzia antzekoa izanik, bibliografiak erakusten duenaren kontra. Pubertaro aurrean antzemandako 42 kasu ere izan ditugu, 10 kasutan pazienteak 12 urtetik beherako haurrak izanik.
Emaitzak
Gure zerbitzura 35 gizon transexual bideratu dira ebakuntza kirurgikoa gauzatzeko, kasu guztietan psikiatren eta endokrinologoen partetik balioespena eginda eta bigarren mailako sexu-karaktereak desagerrarazteko tratamendu hormonala ezarrita. Pazienten %100, gainera, aurretiaz bularretako kirurgia (mastektomia bikoitza) eginda zeukaten. 20 eta 44 urte bitarteko pazienteak operatu ditugu eta egindako ebakuntza laparoskopia bidezko histerektomia gehi anexektomia bikoitza izan da kasu guztietan. Ebakuntza osteko bilakaera egokia izan da 35 kasuetan, paziente batek odoljarioa kontrolatzeko bigarren ebakuntza bat beharrezkoa izan bazuen ere. Kasu batzuetan, genitaletako kirurgia funtsezkoa izaten da lehen eta bigarren mailako sexu-karaktereak kirurgia bidez aldatuta koherentzia-maila handiagoa lortzeko sexu-nortasunarekin, gure pazienteen artean, gaurdaino, lauk bakarrik burutu dute kirurgia hau, %11,4ak.
Ondorioak
Genero Nortasunaren Nahasteen tratamendua konplexua da, pertsona hauei arreta integrala emateko ezinbestekoak direlarik diziplina desberdinak batzen dituzten unitateak.
Bibliografia
- Moreno-Pérez Ó, Esteva De Antonio I. Guías de práctica clínica para la valoración y tratamiento de la transexualidad. Grupo de Identidad y Diferenciación Sexual de la SEEN (GIDSEEN). Endocrinol Nutr. 2012. doi:10.1016/j.endonu.2012.02.001
- Esteva De Antonio I, et al. Organización de la asistencia a la transexualidad en el sistema sanitario público español. Gac Sanit. 2012. doi:10.1016/j.gaceta.2011.10.021
- Coleman E, Bockting W, Botzer M, et al. Standards of care for the health of transsexual, transgender, and gender-nonconforming people, version 7. Int J Transgend 2012; 13:165.
- World Professional Association for Transgender Health. Standards of care for gender identity disorders. http://wpath.org/publications_standards.cfm (Accessed on September 13, 2011).
- Gooren LJ. Clinical practice. Care of transsexual persons. N Engl J Med 2011; 364:1251.