27. Osasun Biltzarra 2017: Aniztasuna osasunean
4.6 Jarduera fisikoa. Hobeto nago?
Egileak: Itsaso Sexmilo Ayarra, Iñaki Sexmilo Ayarra, Nerea Arza Lopez, Francisco Javier Lafuente Larrañeta, Edurne Migueliz Beaumont, Maite Ayarra elía
0
Jarduera fisikoa?, hobeto nago?
Sarrera
Ebidentzia zientifikoak dioen bezala, jarduera fisikoa (JF) gaixotasun kardiobaskularren prebentzio eta tratamenduan onuragarria da. Honen harira, Uharteko oinarrizko osasun eskualdean “Botikak gutxitu eta gehiago mugitu” programa 2016.eko urrian martxan jarri zen, bertan arrisku kardiobaskularra (AKB) zuten pazienteez gain, gaixotasun osteoartikular kronikoak, fibromialgia eta zaintzailearen sindromea zuten pazienteak sartu zirelarik.
Programa aurrera ateratzeko, osasun etxea, kirol zerbitzuak eta zonaldeko 3 udaletxeak elkarlanean aritu dira. Programa honek bi eskaintza nagusi ditu: osasun kardiologikoa (AKB duten pazienteentzat) eta hidroterapia (gainontzekoentzat)
Helburuak
Programan 3 hilabetez egon diren pazienteek antzemandako osasun-mailan aldaketarik izan duten aztertzea.
Metodoak
Ikerketa analitikoa, gurutzatutako kasu-kontrola (case-crossover), 2016ko urrian lehen mailako arretara (sendagile zein erizainen kontsultetara) joandako pazienteekin. Programarekin hastean lehendabiziko ebaluazio bat egin zaie eta hortik 3 hilabetera ebaluazio hau errepikatu da. Balorazio hauetan zenbait parametro biologiko neurtu eta antzemandako osasun-maila neurtzen duen EUROQOL-5d testa pasa zaie. Bi momentu hauen arteko aldea aztertu da. Lan honetan EUROQOL-5d-n egondako aldaketak azalduko ditugu.
EUROQOL-5d-k 5 dimentsio neurtzen ditu: mugikortasuna, norberaren zainketa, eguneroko zereginak, mina/ondoeza eta antsietatea/depresioa. Balio maximoa 1 da. Gainera, momentuan antzematen den osasun-maila orokorra eskala analogiko bidez galdetzen du. Ondorengo datuak bildu dira: adina, generoa, EUROQPL-5d-ren datuak. IBM SPSS statistics programa erabili da.
Emaitzak
41 paziente ikertu dira, 2016.eko urrian eta azaroan hasitako pazienteak hartuz. 2 paziente galdu dira, 1 gaixotasun akutuarengatik, besteak baja hartu du.
Adina: 28-90 urte, 62 urte bataz bestekoa eta mediana 64 urte.
Generoa: %53,8 emakumezko, %46,2 gizonezko.
EUROQOL-5d. 2 momentuen arteko desberdintasuna: Antzemandako osasun-maila: %10.4 , 0.1041(IC%95 0.0375tik 0.1708ra), p=0.003
Ikus eskala analogikoa: %7. 0,7051 (IC%95 -1,392tik -0,0182), p=0,044
Programarekin hasi zinenetik nola ikusten duzu zure burua orain osasunaren aldetik? %92.3 Hobe, % 7.7 berdin, %0 okerrago.
Ondorioak
- JF fisikoak pazienteek antzemandako osasun-mailan eragin onuragarria duela ikusi da, bai orokorrean, baita dimentsio desberdinetan ere.
- Programak oso atxikimendu ona izan du, hasitako 41 pazienteetatik %95ak jarraitzen du.
- Etorkizunera begira, eman diezaiogun JFri dagokion garrantzia, guztiontzat onuragarria baita.
Bibliografia
- Evaluación de un programa de Actividad física en adultos mayores. Diaz,V. et al Rev Esp Geriatria Gerontol 2002 ;37(2):87-92
- El EuroQol-5D: una alternativa sencilla para lamedición de la calidad de vida relacionada con la salud en atención primaria. Herdman, M. et al. Atencion Primaria 2001.2886):425-429
- Global health agenda on non-communicable diseases: has WHO set a smart goal for physical activity? Philipe de Souto Barreto.BMJ 2015;350:H23