28. Osasun Biltzarra: Komunikazioa - Inkomunikazioa
4.17 Afasia euskaraz aztertzeko tresna berria bidean
Egileak: Marie Pourquié Bidegain, Amaia Munarriz Ibarrola
ELEBILAB, Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa Saila, UPV/EHU
Sarrera
Afasia euskaraz ebaluatzeko tresna estandarizaturik ez dago oraindik. Gehienetan, ebaluazioa erdaraz egiten da edo euskaraz egitekotan, logopedek eurek itzulitako estandarizatu gabeko tresnen oinarrian. Hortaz, ebaluazioaren fidagarritasuna zalantzan jar liteke eta horrek ikerketen garapena trabatzen du. Bestetik, gaixo eta senideei deserosotasuna eragin diezaieke hizkuntza hori ez bada gehien eta modurik naturalenean erabiltzen dutena euren eguneroko komunikazioan.
Helburuak
Gabezia horri aurre egiteko garatzen ari garen Comprehensive Aphasia Testaren euskal egokitzapenaren berri eman nahi dugu. Jatorriz ingelesez diseinatu zen tresna (Swinburn et al.,2005) gaur egun Europako hamalau hizkuntzatara egokitzen ari da, euskara tartean (Fyndanis et al., 2017). Egokitzapen prozesuan izaten ari garen erronka nagusiak eta hartutako erabakiak aurkeztu nahi ditugu, lan honek euskal osasungintzari ekarriko dion onura nabarmenduz.
Metodoak
Euskal Herri osoan erabilgarria izateko euskararen ezaugarri linguistikoak eta hainbat aldagai psikolinguistiko kontrolatu behar izan ditugu (hitzen luzera, maiztasuna, irudikagarritasuna, esaldien konplexutasuna etab.). Zenbait kasutan, aldagai horietako batzuk lortzeko berariazko azterketak egin ditugu. Adibidez, euskaraz ez dagoenez hitzen irudikagarritasun-baliorik, online galdetegi bat prestatu genuen euskal egokitzapenerako hautatutako hitz guztiak hartuta (N = 286). Parte-hartzaileek hitza ezaguna zitzaien adierazi behar zuten eta hitz horiei dagokien irudi mentala irudikatzea zein erraza zitzaien adierazi behar zuten Likert eskala bat baliatuta. Euskalki desberdinetako 43 euskaldunek hartu zuten parte.
Emaitzak
Erantzunek erakutsi zuten Iparraldeko hiztunentzat Hegoaldekoentzat baino hitz gehiago zirela ezezagunak (% 10 vs % 1,5, p <,0001) baina hitz ezagunen artean bi taldeen irudikagarritasun-puntuazioa oso antzerakoa zela (batez beste 6,25 eta 6,26), hizkuntza desberdinetan ikusi zen bezala (Rofes et al, 2017).
Ondorioak
Erronka handia da euskal egokitzapena prestatzea hainbat aldagai psikolinguistiko kontrolatzeaz gain, euskaldunen egoera soziolinguistikoa ere aintzat hartzea behar-beharrezkoa baita. Halere, egingarria da eta urrats garrantzizkoak emanda daude jada. Oro har, tresna horren egokitzapena eta estandarizazioa arlo klinikoan (profesionalentzat zein afasia duten euskal hiztunentzat) oso baliagarria gertatuko da. Halaber neurozientzia kognitiboaren esparruari eta hizkuntzen arteko azterketari datu aberasgarriak ekarriko dizkie.
Bibliografia
- Fyndanis, V., Lind, M., Varlokosta, S., Kambanaros, M., Soroli, E., Ceder, K., … Howard, D. (2017). Cross-linguistic adaptations of The Comprehensive Aphasia Test : Challenges and solutions. Clinical Linguistics & Phonetics, 31(7–9), 697–710. https://doi.org/10.1080/02699206.2017.1310299
- Rofes, A., Zakariás, L., Ceder, K., Lind, M., Johansson, M. B., de Aguiar, V., ... Howard, D. (2017). Imageability ratings across languages. Behavior Research Methods, 1-11. DOI: 10.3758/s13428-017-0936-0
- Swinburn, K., Porter, G. and Howard, D. 2005. The Comprehensive Aphasia Test, Hove, , UK: Psychology Press.