Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

29. Osasun Biltzarra: Osasungintza berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema

4.2 Taxus baccata intoxikazioa. Kasu kliniko baten aurkezpena

Egileak: BeƱat de Alba Iriarte, Edurne Bereciartua Urbieta, Eva Lorea Gil Rodriguez, Irene Perez Casas, Miren Lacasta Esain, Laura Martinez Gonzalez

0


Sarrera

48 urteko gizonak hagin hosto ugari irentsi zuen suizidatzeko asmoz. Donostia Ospitalean sintomarik gabe ospitaleratu zuten. Arnas alkalosia eta laktato maila altua antzeman zizkioten.

Ustekabean, takikardia bentrikularra eta konorte galera jasan zituen eta kardiobertsio elektrikoa eta intubazio orotrakeala egin ondoren Zainketa Intentsiboen Unitatera (ZIU) eraman zuten larri. Analisian leukozito, troponina eta kreatina-kinasa balioen igoera nabarmendu zen. Gainerako emaitzak normalak izan ziren.

Tratamenduan ikatz aktibatua, magnesio-sulfatoa, amiodarona, euskarri basoaktiboa eta taupada-markagailua erabili zituzten. 24 ordura egonkortu eta astebetean ondoriorik gabe guztiz suspertu zen.

Helburuak

Euskal Herriak zuhaitz sakratutzat hartu izan du hagina. Landare ezaguna da gurean eta hilen munduarekin lotu izan dute. Hagin intoxikazioa arrunta ez bada ere, bere hostoak jatea hilgarria izan daiteke. Kasuaren interesa egoera honen larritasunean datza, presazko tratamendurik gabe, heriotza eragin baitezake agudo. Kasuak nahita (autolisia) edo ezbeharrez (haurrak, animaliak) gerta daitezke.

Metodoak

Gaixoaren jarraipena egin dugu ZIU eta Analisi Klinikoen zerbitzuok.

Emaitzak

Ez dago intoxikazio hau orienta dezakeen alterazio analitiko espezifikorik. Diagnostikatzen zaila da, landare honen ingesta susmatzen ez bada. Dosi hilgarria 50-100 gramo hostotan neurtu da. Kasua orientatzeko garrantzitsuak dira anamnesi zorrotza eta pazientearen aitortza, baita intoxikazioaren benetako kausa zehazteko helburuz, laborategian taxinaren alkaloideak ikertzeko proba analitikoak egitea ere. Alabaina, ospitaleko laborategian ezin izan zen taxinaren presentzia konfirmatzeko alkaloiderik neurtu laginetan.

Ondorioak

Taxus baccata (hagin arrunta) munduko zuhaitz toxikoenetako bat da. Bere atal oro, fruitua izan ezik, alkaloide toxikoetan aberatsa da. Taxina da arriskutsuena; narritadura gastrointestinala, ondorio neurologikoak eta kardiotoxizitatea eragiten ditu, eta dosi altutan bihotz-geldiketa eta heriotza. Arin artatu ezean, klinikak bilakaera tamalgarria du ordu gutxitan. Zorionez, gure pazientea onik atera zen.

3,5-dimetoxifenol taxinaren metabolitoaren neurketa da behin betiko diagnostikoa konfirmatzeko era bakarra. Gas kromatografia-masa espektrometria bidez eduki gastriko, gernu edo odol laginetan bila daiteke. Kasuak urriak direnez, proba hau ez da laborategi klinikoetan egiten. Hagin intoxikazio susmoa egiaztatzeko, laginak Toxikologia Institutuan analizatzen dira.

Azken Berriak

Ikergazte2025 kongresurako artikuluak bidaltzeko epea urtarrilaren 20an zabalduko dute
UEU-Udako Euskal Unibertsitateak aktolatuta, maiatzaren 28, 29 eta 30ean Bilbon egingo dute Ikergazte2025 diziplinarteko kongresua. Bere helburuak euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea, eta ikerke...
Ruben Garcia pediatra euskaltzalea gogoan
"Osatuberri" Osakidetzako euskara-aldizkariaren 74. zenbakia (2024ko azaroa-abendua) kalean da jada. Ale berri honetan, Ruben Garcia Perez Bilboko Txurdinagako Osasun Zentroko pediatra eta OEEko kidea zena gogoratu dute. Joan den azaroan zendu...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan