29. Osasun Biltzarra: Osasungintza berria? Bere jardunetik ikasten duen osasun-sistema
5.4 Erizainen diagnostikoak euskaraz Osakidetzan
Egileak: Regi Larruzea Aransolo, Garrastatxu Landaluze Okerantza, Itsaso Martinez Aramberri
0
Sarrera
Pertsonek, familiek edo komunitateek erantzun desberdinak dituzte osasun-arazoen edo bizitzako prozesuen aurrean, eta erizainen lana da erantzun horien gaineko ebazpen klinikoa ematea, hau da, erizaintzako diagnostikoa egitea. Erizaintzako diagnostiko guztiak NANDA taxonomian daude jasota, eta erizainek erreferentzia gisa erabiltzen dute taxonomia hori, denek berdin ulertu eta deskribatzeko diagnostikoak, baina Osakidetzaren plataforma guztietan zegoen gaztelania hutsean.
Helburuak
Horrek oztopatu egiten zuen bai erizainek euskaraz lan egin ahal izatea (terminologia-irizpide bateraturik ez izateagatik nork bere modura adierazten zituelako kontzeptu batzuk), bai pertsonei arreta osoa euskaraz ematea, eta batez ere, historia klinikoa gure eremuko bi hizkuntza ofizialetan eskuragarri egotea; eta gure lanarekin lortu nahi genuena zen gabezia hori zuzentzea.
Metodoak
NANDA taxonomia euskarara ekartzean ez da egin ohiko itzulpen soil bat, diagnostiko batzuk edo haien ezaugarriak geurera egokitu behar izan baitira, eta horrek, itzulpen hutsaz haratago, hausnarketa prozesu bat eskatu du. Euskara Zerbitzuko itzultzaile bat arduratu da NANDA euskarara egokitzeaz, 2009ko bertsio zaharraren euskarazko itzulpenaren laguntzaz eta erizain-talde aditu baten aholkularitzarekin, diagnostikoen alderdi guztiak ondo ulertu eta moldatzeko, beti ere terminologia berria erabilerara zuzenduta zegoela kontuan hartuz eta, hortaz, ulergarritasunari eta erabilgarritasunari lehentasuna emanez.
Emaitzak
Oraintsu arte, erizainek gaztelaniara jo behar izan dute, bai pazienteek beren osasun-egoeren aurrean dituzten erantzunei buruz mintzatzerakoan, bai erantzun horien inguruko erregistroak egitean, baina sortu dugun jargoi berria Osanaian erabilgarri jartzean, arazo hori zuzentzeko pauso handia eman dugu.
Ondorioak
Erizainen kolektiboan eragin handia duen aurrerapauso bat eman da, beraz, oraintsu arte ez dutelako izan irizpide bateraturik haien lanerako oinarri-oinarrizkoak diren kontzeptu batzuk euskaraz adierazteko. Terminologia berri honi esker, erizainen arteko eguneroko komunikazioa askoz zehatzagoa izan daiteke. Hurrengo pausoa izango da erabileratik iristen zaizkigun moldaketa-eskaerak jasotzea eta erizaintzako emaitza eta esku-hartzeen taxonomiak (NIC eta NOC) euskarara moldatzea.
Bibliografia
- NANDA International. Diagnósticos Enfermeros. Definiciones y Clasificación, 2015-2017. Madrid: Elsevier, 2015.
- NANDA International. Erizaintza-diagnostikoak. Definizioak eta sailkapena 2009-2011. Euskal Herriko Unibertsitatea, 2010.
- NANDA International. Nursing Diagnoses 2009-2011: Definitions and Classification. Oxford: Wiley-Blackwell, 2008.
- NANDA International. Diagnósticos Enfermeros. Definiciones y Clasificación, 2009-11. Madrid: Elsevier, 2010.