30. Osasun Biltzarra: Prebentzioa Auzolanean
5.4 Snoezelen terapiaren onurak gehiegizko alkohol kontsumoak eragiten dituen kalteen aurrean
Egileak: Irantzu Rico Barrio, Janire Rojas CaƱo, Nagore Puente Bustinza, Ianire Buceta Salazar, Izaskun Elezgarai Gabantxo, Pedro Grandes Moreno, Leire Lekunberri Odriozola, Maitane Serrano Murguia
0
Sarrera
Snoezelen, norbanako zentzumenen estimulazioan edo erlaxazioan oinarritzen den terapia ez-farmakologikoa da. Pertsonon bizi-kalitatea hobetzea du helburu nagusia. Ikusmen, entzumen, ukimen, dastamen, oreka, propiozepzio eta usaimen zentzumenak hainbat objekturen bitartez kitzikatzen dira: argiztapen artifizialaren, musika terapeutikoaren, ehundura ezberdinen eta hainbat lurrinen eta elikagaien bidez. Terapia honen erabilera Rett sindromean, garun-lesio traumatikoan, garun-paralisian eta dementzian agerikoak diren sintoma fisiologikoak eta portaera-aldaketak arintzeko hautabide eraginkor gisa deskribatu da. Haatik, droga-abusuek dakartzaten asaldurei aurre egiteko Snoezelen terapiak ekar ditzakeen onurak ez dira ordura arte ikertu. Ildo horretan alkohola da mundu mailan gehien kontsumitzen den substantzia psikoaktibo ohikoena eta alkoholismoak 3,3 milioi hildako eragiten ditu urtero; mundu osoko heriotza guztien %5,9, alegia.
Helburuak
Ikerlan honen xedea droga honen kontsumoaren ondorioz sorturiko kalteei aurre egiteko Snoezelen terapiak duen rola aztertzea da. Zehatz-mehatz adimena, mugimenduen koordinazioa, oreka eta antsietate/depresio prozesuak aztertuko dira.
Metodoak
Azterlan honen helburua gauzatzeko Gamiz-Fikan kokatuta dagoen Emaus gizarte-fundazioak barne hartzen duen Bitartean egitasmoko 6 paziente gizonezkoak hautatu ziren; guztiek alkoholarekin lotutako arazoak aurkezten zituztenak. Lehenik eta behin, paziente bakoitzaren kognizio eta antsietate/depresio maila neurtu genuen “Kaufmanen adimen azterketa” eta “Helduen psikopatologia ebaluazio orokorra” izeneko probak gauzatuz hurrenez hurren. Horrez gain, paziente bakoitzaren koordinazioa eta oreka maila ere neurtu ziren. Parametro hauen datuak lortu ostean, pazienteak, Snoezelen zentzumen anitzeko terapia jasotzen hasi ziren. Astean birritan; 10 saio guztira. Saio bakoitzean hobetu beharreko parametroak landu ziren: adimena, koordinazioa, oreka eta erlaxamendua, hain zuzen ere. Behin Snoezelen terapia saioak amaituta eta astebetera kognizio, antsietate/depresio, koordinazio eta oreka datuak berriro neurtu ziren hasierako proba berdinak zertuz.
Emaitzak
Snoezelen terapiak aztertutako parametro bakoitzaren hobekuntza eragin zuen. Hala kognizio nola antsietate maila. Bai koordinazioa baita oreka ere.
Ondorioak
Efektu onuragarri hauek guztiek aukera berriak ireki ditzakete osasungintzan, non Snoezelen terapia mediku espezialistek alkoholismoa sendatzeko agindutako tratamendu farmakologikoen laguntzaile bezala aplika daitekeen; paziente bakoitzaren bizi-kalitatea hobetuz, eta, ondorioz, pertsona hauen bizi-itxaropena luzatuz.
Bibliografia
1.Lopez JJ, Bolívar JC, Perez MS. Assessment tool for reactions and behaviours of patients with dementia in a multisensory stimulation environment. Dementia (London). 2016; 15(4): 526-538.
2. Collier L, Jakob A. The Multisensory Environment (MSE) in Dementia Care: Examining Its Role and Quality From a User Perspective. 2017; 10(5): 39-51.
3. Kaplan H, Clopton M, Kaplan M, Messbauer L, McPherson K. Snoezelen multi-sensory environments: task engagement and generalization. 2006; 27(4): 443-455
4. Maseda A, Sánchez A, Marante MP, González-Abraldes I, de Labra C, Millán-Calenti JC. Multisensory stimulation on mood, behavior, and biomedical parameters in people with dementia: is it more effective than conventional one-to-one stimulation?. Am. J. Alzheimers Dis. Other Demen. 2014; 29(7): 637-647.
5. Poza J, Gómez C, Gutiérrez MT, Mendoza N, Hornero R. Effects of a multi-sensory environment on brain-injured patients: assessment of spectral patterns. Med. Eng. Phys. 2013; 35(3): 365-375.