32. Osasun Biltzarra: Osasunaren sustapena guztion ardura
4.2 Analisi Klinikoen Zerbitzuko balio kritikoak jakinarazteko protokoloa
Egileak: BeƱat de Alba Iriarte, Noelia Lopez Barba, Eider Izaguirre Lapitz, Edurne Bereciartua Urbieta, Maria Asuncion Vives Almandoz, Adolfo Garrido Chercoles
0
Sarrera
Balio kritiko gisa definitzen dira berehala komunikatu behar diren laborategiko proben emaitzak, premiazko osasun arreta behar dutelako, edo emaitzak azkar komunikatzeak pazientearen bilakaera klinikorako onura edota osasun-gastua murriztea ekar dezakeelako. Abisua telefonoz ematen zaie medikuei (eskatzaileari, ahal dela) edo erizainei, emaitzak bidaltzeko prozedura orokorrari itxaron gabe.
Aurreko egunetan pazientearen antzeko daturik ez badago abisatzen da. Beharrezkoa bada, emaitza egiaztatu egiten da, jakinarazi aurretik, lagin berean bigarren zehaztapena eginez.
Abisatu aurretik, errore-iturri izan daitezkeen faktore asaldatzaileak hartzen dira kontuan: laginarekin lotutako arazoak (zainetako kateterretik odol-ateratzea, kutsadurak, gaizki aztertutako laginak, etab.) edo identifikazio-erroreak, bigarren lagin batean analisia egitea proposatuz argitzen direnak. Balizko arazo preanalitiko baten susmoaren aurrean, emaitza hori ez da balio kritiko gisa hartu behar.
Helburuak
Analisi Klinikoen Zerbitzuko balio kritikoak jakinarazteko protokoloa eta abisatzeko prozedura aurkeztea.
Metodoak
Donostia Ospitaleko Larrialdi Orokorretako, ospitaleko eta osasun zentroetako errutinazko eta presazko analisien balio kritikoen abisuaren maneiua eta taulak.
Emaitzak
Larrialdi Orokorretako analisien balio kritikoen (1.taula) abisua telefono-zenbaki honetan egiten da: 833350. Jakinarazpena jasotzen duenak erregistro-orri batean informazio hau betetzen du: pazientearen izen-abizenak, IKK zenbakia, alteratutako parametroa eta mediku eskatzailearen eta deia egiten duen laborategiko arduradunaren izen-abizenak. Era berean, guk informazioa helarazten diogun pertsonaren datuak eskatzen ditugu, sistema informatikoan dagokion erregistroa egiteko.
Ospitaleko zein ospitalez kanpoko errutinazko analisien balio kritikoak (2.taula) abisatzeko telefono-direktorioen estekak:
-Osakidetzako zentro guztienak:
http://directoriotelefonico.osasunet/#!/home
-Donostialdeko ESIkoenak:
https://donostialdea.osakidetza.eus/eu/Comunicacion/Artxiboak/dir/Orriak/DirCentroAmara.aspx
-Bidasoko ESIkoenak:
https://bidasoa.osakidetza.eus/eu/Quienes%20somos/tel/Orriak/default.aspx
Nahitaez jakinarazi beharreko balio kritikoez gain, gure iritziz pazientearentzat arrisku larria ekar dezaketen beste balio batzuk ere abisatzen ditugu, aurreko emaitzak, diagnostikoa, etab. aintzat hartuta.
Egiaztatu beharreko balio kritiko baten aurrean, eta errepikapenak luze joko duela uste badugu, behin behineko emaitza jakinarazten dugu, egiaztatzen ari dela ohartaraziz.
Ondorioak
Balio kritikoak azkar jakinaraztea erabakigarria da osasun arreta egokia bermatzeko eta espero ez diren emaitzak oharkabean ez pasatzeko hurrengo kontsultara arte.
Alabaina, balio kritikoak telefonoz lankideei komunikatzea ez da beti erraza izaten. Guztion lankidetza funtsezkoa da.
Bibliografia
1. “Protocolo para la comunicación de valores críticos del Servicio de Análisis Clínicos” deritzon Donostia Unibertsitate Ospitaleko Analisis Klinikoen Zerbitzuko balio kritikoak jakinarazteko protokoloa
2. Valores críticos en el laboratorio clínico: de la teoría a la práctica. Medicina & Laboratorio [Internet]. 2011 [Kontsulta: 2022-12-20];17(07-08):331-350. Eskuragarri: https://biblat.unam.mx/es/revista/medicina-laboratorio/articulo/valores-criticos-en-el-laboratorio-clinico-de-la-teoria-a-la-practica
3. GP47 Management of Critical-and Significant-Risk Results. Clinical and Laboratory Standards Institute (CLSI) [Internet]. 2015 [Kontsulta: 2022-12-20]. Eskuragarri: https://clsi.org/standards/products/general-laboratory/documents/gp47/