15. Osasun Jardunaldiak: Adimen Osasuna Oztopoak Gainditzen
ARAZOEN IRTENBIDEA
Egileak: Iñaki Arrizabalaga , Gorka Perez
Burlatako Adimen Osasun Zentroa / Eguneko Ospitale Psikiatrikoa. Iruña
Arazoen irtenbideen entrenamenduaren teknika pasa den mendeko 50eko hamarkadan sortu zen. Psikopatologiari aplikatzen hasi zitzaion, jokabide desadaptatiboak konpetentzia soziala osatzen duten trebetasun eta gaitasun defizientzien ondorio zirela kontsideratzen hasi zelako. Horregatik, pertsonek arazoen irtenbideak modu eraginkorrago batean bilatzeko modua zein izan zitekeen planteatzen hasi zen.
Diziplina ezberdinetan aztertu da (heziketa, industria, ikerketa, klinika) zer egiten duen pertsona batek arazo bati irtenbidea bilatu behar dionean. Azkenik, arazo bati aurre egitean gizabanakoek zer egiten duten azaltzen duen modelo deskriptiboa sortu da.
Hori guztia kontuan edukiz, aipatutako teknika sintoma kliniko nahiz azpiklinikoen tratamenduan erabiltzen hasi da (herstura, depresioa, estresa, fobia, agorafobia, dependentzia, senar-emazteen arteko sesioak…). Zenbait arazori irtenbidea bilatzeko orduan, oztopo jakin batzuk aurkituko ditugula onartzen da. Oztopoak hauen ondorio izango dira: anbiguotasuna, ezjakintasuna, exijentzia kontrajarriak, errekurtso falta edo nobedadea.
Arazoa egoera jakin baten eta desiratutako helburuen arteko aldea da. Hel- buru hauek estresagarri izango dira, lortzen zailak eta pertsonaren ongizatearentzat garrantzitsuak badira. Pertsona bakoitzak bere historia pertsonala du, bere esperientzia zama darama eta testuinguruko egoera bakoitzari sentibera izango da maila batean edo bestean. Estresagarri jakin batzuk daude, kuantifikatu ere egin direnak, baina ezagutu beharra dago beti egoera horri aurre egiten dion pertsonaren errealitatea.
Arazoa gertaera bakar bat edo egoera kroniko bat izan daiteke. Egoera gatazkatsuak ingurunean edo pertsonaren barrenean (helburuak, konpromisoak, beharrak) gerta daitezke. Baina beti, pertsonen arteko harreman berezi batekin egingo dugu topo.
Arazo sozialei irtenbidea bilatzea prozesu metakognitibo bat da; prozesu honen bidez, gizabanakoak alde batetik bere arazoen funtsa ezagutzen du eta, bestetik, aldaketaren bat eragiten saiatzen da. Aldaketa hau gatazkatsua izaten ari den egoeraren gainean edo egoera horri erreakzionatzeko moduaren gainean egingo da.
Arazoei irtenbidea bilatzea egoera gatazkatsu bati irtenbide eraginkor bat bilatzea izango da. Arazo bat konpontzeko aukeratutako irtenbidea martxan jartzean zenbait baldintza izan behar dira kontuan:
- Arazoen irtenbideak burutzeko gaitasuna
- Afrontamendurako exeekuzioa: horretarako exekuzioa bera burutzeko gaitasuna, inhibizio emozionalarekin erlazionatutako arazoak eta defizit motibazionalekin eta errefortzuarekin erlazionatutako arazoak baloratu beharko dira.
Beraz, irtenbidea egoera gatazkatsuaren funtsa edo erreakzio emozional negatiboak aldatzen dituen erantzun bat izango da. Irtenbide hori positiboa izango da ondorio positiboak (etekinak) handitu eta negatiboak (kostuak) gutxitzen baditu.
Garrantzitsua da zenbait puntu kontuan izatea:
- Gizakia gaitasun kognitibo konplexuak dituenez eta gizarteak burutzen dizkion etengabeko eskaeren ondorioz, arazoen irtenbide bilatzaile aktiboa da.
- Oreka psikologikoa, arazo interpertsonal nahiz intrapertsonalei irtenbidea bilatzeko trebetasunarekin erlazionatzen da.
Zenbait gaitasun kognitibo nahiz konduktualek erreakzio emozionalean eta oreka psikologikoan dute eragina: arazoa fokatzeko gaitasuna eta arazoekiko sentikortasuna, irtenbide potentzialak sortzeko gaitasuna, ekintza bakoitzeko ondorioak aurreikusteko gaitasuna, arazo gatazkatsu bati aurre egiterakoan no- la erreakzionatu erabakitzeko modua.
ARAZOEN IRTENBIDEEN ENTRENAMENDUAREN HELBURUAK
- Erreakzio emozional negatibo bat sortzen ari den bai iraganeko bai gaur eguneko egoera estresagarriak identifikatzen lagundu.
- Erreakzio emozional horrek etorkizuneko afrontamendu saiakeren gainean izan dezakeen eragin negatiboa gutxitu.
- Eguneko egoera gatazkatsuei aurre egiterakoan, bilatutako irtenbideen eraginkortasuna handitu.
- Arazoei modu eraginkorragoan aurre egiteko trebetasun berriak erakutsi, perturbazio psikologikoak saihesteko asmoz.
Esku-hartzea honetan datza: bai iraganeko bai gaur eguneko egoera estresagarriak aldatzean, egoera horiei emandako erantzun desadaptatiboak (perturbazio psikologikoak) aldatzean, edo biak batera burutzean.
Funtsezkoa da kontutan hartzea pertsona batek arazoei irtenbideak bilatzeko duen gaitasun orokorra (arazoen irtenbiderako oinarrizko prozesuak ezagutu eta ulertu) eta arazoen irtenbideak martxan jartzeko duen gaitasuna (ezagupen hori bizitza errealeko arazo zehatzei irtenbideak bilatzeko erabili).
ARAZOEN IRTENBIDEEN PROZESUA
Arazoen irtenbide eraginkor batek beren artean interakzioan dauden bost prozesu osatu behar ditu. Prozesu horietako bakoitzak kontribuzio zehatz bat eskaintzen dio arazoen irtenbide eraginkorrari. Prozesu horiek honakoak dira:
1. Arazorako orientabidea
2. Arazoaren definizioa eta formulazioa
3. Irtenbideak sortu
4. Erabakiak hartu
5. Hartu den erabakia praktikan jarri eta egiaztatu
1. ARAZORAKO ORIENTABIDEA
Arazorako orientabidea, prozesu motibazional edo “orientazio erantzunen” multzo bat da eta pertsona batek egoera gatazkatsu bati lehenengo aldiz aurre egiterakoan sortzen diren erreakzio kognitibo-konduktual-afektiboak errepresentatzen ditu.
Orientazio erantzun hauen barrenean hauek sartzen dira: a) arretarekin loturiko zenbait alderdi (arozoekiko sentiberatasuna) eta b) eguneroko arazoei buruzko eta norberak arazoei irtenbideak bilatzeko gaitasunei buruzko sinismen, uste, balorazio eta espektatiba orokorren multzoa.
Multzo kognitibo hau garapen nahiz errefortzamendu baten historia pertsonal baten ondorio da batik bat. Afektu positibo eta afrontamendurako motibazio bat sortzen badute, arazoei irtenbideak bilatzea erraztuko dute. Aldiz, afektu negatibo edo ebitaziorako motibazio bat sortzen badute, arazoei irtenbideak bilatzea inhibituko dute.
Horregatik, lehenengo pauso honen entrenamenduaren bidez, ahaleginak egingo ditugu pertsonek honako alorretan hobera egin dezaten:
- Arazoak era egokian identifikatu eta antzematen
- Hautemandako autoefikazian
- Arazoak izatea normala eta saihestezina dela ulertzen eta arazoen irtenbidea haiei aurre egiteko modu bideragarri bat dela ulertzen.
- Antzeko egoeren esperientzietan oinarritutako erantzun automatikoak erabiltzeko joera apurtzen.
Arazo bat arazo gisa definitzeak egoera bati modu inpultsibo edo automatikoen bidez erantzuteko joera inhibitzeko balio du.
Funtsezko garrantzia du arazo ezberdinen identifikazio eta sailkapen egokia egiteko gaitasunak garatzea. Prozesu hori errazteko, zerrendaren teknika erabiltzea lagungarri izan daiteke. Teknika honen bidez, bizitzeko alor ezberdi- netan bizi izan dituzten edo gaur egun bizi dituzten egoera gatazkatsu pertsonalak azter ditzaten eskatzen zaie.
Ezinbestekoa da pertsonak onar dezan arazoak normalak eta saihestezinak direla baina era egokian aurre egiteko aukera badagoela. Role-playing teknika erabiltzea eraginkorra izan daiteke, eta horretan kontrako jarrera defendatzea eskatzen zaio. Terapeutak arazoekiko sinismen edo jarrera zehatz bat errepresentatzen du (adb. pertsona guztiek ez dute problemarik, arazoak izatea erotasunaren sinonimo da…), eta pazienteari eskatzen dio sinismen hori irrazional, ilogiko edo okerra dela frogatzen duten arrazoiak eman ditzan.
Modu berean, pazienteei zera irakasten zaie: emozioak arazo bat gertatzen ari den seinale edo adierazgarri gisa erabiltzen.
Lehenengo pauso honen helburua, beraz, bizitzako arazoekiko joera positibo bat hartzen laguntzea izango da. Horrela lortuko da arazoen irtenbiderako gainontzeko pausoetan eta eginbeharretan inplikatzeko motibazioa handitzea.
2. ARAZOAREN DEFINIZIO ETA FORMULAZIOA
Helburua arazo gatazkatsuaren ezaugarriak ebaluatzea eta helburu edo helmuga errealisten multzo bat identifikatzea izango da. Honako eginbeharretan oinarritzen da:
- Arazoari buruz eskura dugun informazioa eta gertaerak bilatu.
- Gertaeren deskripzio argia, anbiguotasunik gabe.
- Bereizi zein den informazioa garrantzitsua eta zein ez, gertaera objektiboak eta inferentziak, ikasi bereizten zer den uste hutsa edo frogatu ez den interpretazioa.
- Arazoen irtenbidean helburu errealista sail bat sortu.
“Ikerketa pertsonalaren erreportaria”-ren teknika erabiltzen da eta haren bidez informazioa jaso, hizkuntza konkretua erabili eta gertaerak inferentzia eta usteetatik bereizten dira. Bost galdera mota erabil daitezke (Nor, zer, noiz, zergatik eta non) hizkuntza zehatza erabiltzeko asmoarekin eta informazio nahasketaren eta distortsioaren probabilitatea gutxitzeko asmoarekin.
Galdera hauek erantzuteko momentuan, eragiten egon litezkeen distortsioak lantzen dira.
Lortu nahi lituzketen helburu zehatzak planteatzen irakatsi behar da. Helburu horiek errealistak eta eskuratzeko modukoak izan behar dute.
Azpihelburuen identifikazioa ere lantzen da; azpihelburu horiek helburu orokorra lortzeko aurreko pausoak izango dira.
Helburuak zehazterako orduan bi motatako helburuak bereiziko dira: arazoari zuzendutako helburuak eta emozioari zuzendutakoak. Lehenengoak arazoaren beraren aldaketa errealekin erlazionaturik egongo dira, egoera alda daitekeen kasuetan. Bigarrenak, aldaezinak bezala definitutako arazoek sortutako ondoeza gutxitzearekin erlazionaturik egongo dira.
Arazo zehatz baten inguruan, helburuak lortzen uzten ez duten oztopoak identifikatzea garrantzi handikoa da (nobedadea, ezjakintasuna, estimuluaren eskaera gatazkatsuak, errekurtso falta eta beste muga pertsonal nahiz ingurunekoak).
Gatazkak zehaztu ondoren, zenbaitetan helburuen berrebaluazioa egitea beharrezkoa izaten da.
3. IRTENBIDEAK SORTU
Prozesu honen helburu orokorra arazoari zuzendutako ahalik eta irtenbide gehien sortzea izango da. Horrela, handitu egingo da irtenbide eraginkorrenak identifikatzeko probabilitatea.
Irtenbideak sortzerakoan “ideia-zaparrada” (brainstorming) teknika erabiliko da. Teknika honek hiru lege nagusi ditu:
- Kantitatearen printzipioa. Gero eta alternatiba gehiago izan, orduan eta kalitate oneko irtenbide eraginkorrak sortzeko probabilitatea handiagoa. Printzipio honek berdin balio du arazoari zuzendutako nahiz emozioari zuzendutako helburuetan.
- Epaiketarik ez egitea. Edozein aukeraren balorazioa erabakiak hartzeko faserako uzten da.
- Aniztasunaren printzipioa. Bizpahiru ideiari mugatu beharrean estrategia edo fokapen mota anitzak bilatzea eskatzen da. Irtenbide mota ezberdinak pentsa ditzaten eskatzen zaie. Horiek beti termino zehatzetan eta anbiguotasunik erabili gabe definitu beharko dira.
4. ERABAKIAK HARTU
Fase honetan, alternatiba zehatz bat benetan praktikan jarriko balitz suertatuko liratekeen ondorio potentzial anitz identifikatzen ikasten du. Irtenbide batek sortuko lituzkeen ondorio positibo nahiz negatiboen zerrenda bat sortu behar da. Zerrenda horretan epe motzeko nahiz luzeko ondorioak eduki behar dira kontuan, baita ondorio pertsonalak eta sozialak ere.
Irtenbide eraginkorrak ondorio positiboen kopuru handia eta ondorio negatiboen kopuru txikia dutenak izango dira.
Ondorio pertsonalak, norberaren ongizate emozionalean eragina dituztenak….
Honakoa estimatzen irakasten da:
- Alternatiba jakin batek helburu bat modu eraginkorrean lortzeko duen probabilitatea.
- Pertsona batek irtenbidea modu zuzenean aurrera eramateko duen probabilitatea.
Alternatiben balorazioa egin eta gero, potentzialki behar bezain eraginkorrak izango diren alternatiba gutxi daudela kontsideratzen baldin bada, prozesuan atzera egin eta informazio gehiagoren bila joateko aukera dago.
Behar bezain eraginkor izango diren alternatiba ezberdinak identifikatzen badira, alternatiben konbinazioa erabili ahal izango da arazoari aurre egiteko.
5. HARTU DEN ERABAKIA PRAKTIKAN JARRI ETA EGIAZTATU.
Azken pauso honen barrenean honako eginbeharrak barne hartzen dira:
- Aukeratutako irtenbidea martxan jarri behako da. Hori ezinezkoa balitz, aurreko pausoetan atzera egitea egongo da irtenbide alternatibo bat bilatu ahal izateko edo oztopoak gainditzen lan egitea izango du.
- Praktikan jarritakoaren eta lortutako emaitzen autobehaketa.
- Autoebaluazioa: arazoaren irtenbidean, ongizate emozionalean, erabilitako denboran eta esfortzuan, kostuen eta etekinen arteko aldean, ongizate pertsonal-sozial orokorrean.
- Laburpena eta birziklajea. Lortutako erantzunaren eta espero zen erantzunaren arteko aldea behar bezalakoa ez baldin bada, arazoen irtenbidearen prozesuan atzera egin beharko da, egin beharreko zuzenketak egiteko eta, horrela, irtenbide eraginkorragoa lortzeko.
KONTSIDERAZIO KLINIKOAK
Esku hartu bitartean azalpen didaktikoak egin ez ezik, erabili ahal izango den modua egokitu beharko da.
Adibide argigarriak erabili beharko dira, eguneroko bizitzaren gertakizunetan oinarritutakoak.
Ahaleginek egingo ditugu jorratzen ari garen gaia prozesu hotz, arrazional eta baliogabea izan ez dadin pazientearentzat.
Motibazio falta edo inhibizioa bezalako egoerei aurre egiteko estrategiak garatu beharko ditugu. Halaber, ezinbestekoa da teknika eta esku-hartze prozesua behar bezala definitu eta antolatzea.
Beste egoera gatazkatsu batzuetarako ere balio izan dezan, saioen artean etxerako lanak erabiltzea gomendatzen da.
BIBLIOGRAFIA
D’Zurilla T.J. Terapia de resolución de conflictos. Edit. Desclee De Brou- wer (Biblioteca de psicología) Bilbao 1993.
Tom Carnwath y David Miller. Psicoterapia conductual en asistencia primaria: Manual práctico. Edit. Martinez Roca (Biblioteca de Psicología, Psiquiatría y Salud. Barcelona 1989.
Gualberto Buela-Casal, Vicente E. Caballo (compts) Manual de psicología clínica aplicada. Edit. Siglo Veintiuno de España Editores, S.A. (Manuales Psicología) Madrid 1991.
Francisco Labrador y Angel García Alvarez. Principios y aplicaciones de las terapias de conducta. Edit. Debate (colección universitaria) Madrid 1981.
Gerald Corey. Teoría y prácticas de la terapia grupal. Edit Desclée De Brou- wer (Biblioteca de Psicología) Bilbao 1995.