25. Osasun Biltzarra: Osasuna eta Kirola
Adinaren eragina jokalari gazteen kirol-ibilbidean eta osasunean
Egileak: Jon Torres Unda, Haritz Arrieta Etxeberria
Zer da adin erlatiboaren eragina? Nola eragiten du kirolean?
Umeen eta gazteen kiroletan, maila bateko muga-egunetik bestera urtebeteko edo bi urteko aldea dago. Horregatik, urte-hasieran jaiotako mutil eta neskak (Espainiako saskibaloi txapelketetan urtarrilean edo otsailean jaiotakoak) ia urtebete zaharragoak dira azaroan edo abenduan jaiotakoak baino. Nerabezaroan aldaketa handiak ematen dira altueran, pisuan eta parametro fisiologikoetan. Adibidez, abiadura maximoaren altuera-urtea (age of peak height velocity, APHV) hamahiru eta hamalau urteen artean izaten da, non mutilak 8 eta 12 zentimetro artean hazi ohi diren. Horregatik, urtarrilean jaiotako jokalari bat 10 zentimetro altuagoa izan daiteke urte berean abenduan jaiotako jokalari bat baino, nahiz eta heltze prozesu bera izan eta heldua izatean altuera bera izan. Beraz, jokalari batzuek abantaila garbia izan beharko lukete saskibaloian adibidez, non altuera oso garrantzitsua den.
Heltze-prozesua gizakiok jaiotzen garenetik helduak garen arteko denbora-tartea da. Prozesu hau gorputzeko ehun, organo eta sistema guztietan gertatzen da eta bertako konposizio kimikoan eta funtzioetan eragiten du. Heltzean gizakiak garapen biologikoa jasaten du alde batetik. Zelulak diferentziatu eta espezializatu egiten dira funtzio jakin bat lortu arte eta bertan gertatzen diren aldaketetan eragina dute geneek, elikadurak eta baita hormonek ere. Bestetik, portaeran ere aldaketak gertatzen dira. Pixkanaka, gizarteak espero duen portaera barneratzen joaten da pertsona bakoitza (garapen intelektuala, soziala, emozionala, morala, motorra…). Bertan etxeko, eskolako lagun, etab.en eragina handia da.
Adin erlatiboaren eraginari buruzko lehen ikerketak hezkuntzan burutu ziren (Armstrong, 1966; Freyman, 1965). Bestetik, 1986an Russell eta Startup-ek behatu zuten 18 urte azpiko ikasleetan, urte-hasieran jaiotakoek abantaila nabaria dutela urte-amaieran jaio direnekin alderatuta, baina 18 urtetik gora, urte-amaieran jaiotakoek errendimendu hobea dutela.
Grondin et al. (1984) izan ziren lehenak adin erlatiboaren eragina kirolean ikertzen, eta jokalarien jaiotegunen banaketa desorekatu bat behatu zuten Kanadako izotz-hockeyko eta boleiboleko ligetako jokalariak aztertzerakoan. Ikerketa hauetan ondorioztatu zenez, jokalari gehienen jaiotegunak maila bakoitzak duen muga-egunetik gertu daude. Ikerketa hauek berrikusiak izan dira, eguneratuak eta berretsiak (Nolan & Howell, 2010).
Nerabezaroan, heltze-prozesua dela-eta, jokalariak hazi eta pisua irabazteaz gain, abiadura, erresistentzia, arintasun eta indar-parametroetan hobekuntzak izaten dituzte (Coelho e Silva et al., 2010; Malina et al., 1991; Sickles & Lombardo, 1993). Kirol ezberdinetan maila berean dauden jokalarien artean ezberdintasun nabariak aurki daitezke heltze-prozesuari dagokionez. Nahiz eta maila bereko bi jokalari urte berean jaio, urtarrilean jaiotako jokalari batek ia urtebete gehiago izango duelako abenduan jaiotako batek baino (Europako txapelketetan muga-eguna urtarrilaren 1a da).
Gil et al.-ek 2007an futbol-talde batean egindako ikerketa batean ikusi zuten lehen seihilekoan jaiotako jokalari gehiago zeudela bigarrenean jaiotakoak baino. Gainera, 14 eta 17 urteko jokalarien taldeetan, hautatuak izan ez ziren jokalariak ikertu ziren, eta ikusi zen gehienak bigarren seihilekoan jaiotakoak zirela (Gil et al., 2007).
Jokalariek jasaten duten heltze-prozesua ez da adin kronologiko berean gertatzen jokalari guztietan. Nerabeen % 90en hazkunde maximoa (peak growth age) 4,5 urteko tarte batean izaten da (Borsboon et al., 1996). Hortaz, adin kronologiko bera duten mutil eta nesken artean ere ezberdintasun nabariak aurki daitezke garapen fisiologikoari dagokionez. Jokalari hauen artean, nahiz eta maila berean jokatu, ezberdintasunak aurkitzen dira jokalariaren fisikoan (Ziv & Lidor, 2009), fisiologian eta gaitasun motorretan (Armstrong & Welsman, 2001).
Horrela, ikusi da zaharragoak diren jokalariak (adin erlatiboari dagokionez) direla gehiengoak. Fisikoki duten abantailarengatik aukera gehiago dituzte hautatuak izateko jokalari gazteagoak baino (nahiz eta urte berekoak izan). Beraz, hautesleak kontuan har ditzake jokalariaren gaitasunak, ezaugarri antropometriko eta fisiologikoak, talentuak aurkitzeko prozesuan (Hoare & Warr, 2000).
Torres-Unda et al.-ek 2013an saskibaloi-jokalari gazteekin egin zuten ikerketa batean ikusi zutenez, lehen seihilekoan jaiotako jokalariek emaitza hobeak lortu zituzten erresistentzia (bihotz-maiztasunaren balio baxuagoak), CMJ-S eta dribbling testetan. Ikerketa honetan, saskibaloiko jokalarietan hazkundeko abiadura maximoaren adinak (Age at Peak Height Velocity, APHV) duen eragina ere aztertu zen. Bertan, korrelazio positiboak aurkitu ziren jokalariek saskiratutako puntuen batez bestekoaren eta APHVtik igarotako puntuen artean. Hau da, heldutasun handiagoa zutenek puntu gehiago lortu zituzten.
Nola frogatu?
Ikerketa-taldeak erabiltzen dituen testak adibide praktikoekin azalduko ditugu.
Adinak mutiletan eta nesketan nola eragiten du?
Nesketan nerabezaroko aldaketak gertatzen direnez, eta orokorrean heltze-prozesua lehenago ematen denez, adin erlatiboaren eragina jokalari gazteagoetan ematen dela behatu da. Horregatik, gero eta zaharragoak diren jokalari gazteak behatu ohi direnean ezberdintasun nabariagoak aurkitu izan dira mutiletan, nesketan baino (Baxter-Jones, 1995; Costill, Wilmore & Kenney, 2012).
Garapenean dauden saskibaloi-jokalarien lesioen prebentzioa eta adin erlatiboarekiko harremana
Eskola-orduetan ume guztiek egiten dute kirolen bat heziketa fisikoaren barnean. Eskola-orduetatik kanpo, askok ikastetxetako taldeetan egiten dute. Kasu bietan, lesioak ez dira arraroak, baina askotan, hauen kudeaketa ez da egokiena. Ume kirolarien artean ohikoak diren lesioak azalduko ditugu eta adibide praktikoen bitartez prebentzio-ariketak eta lesioen errehabilitaziorako lehenengo urratsak aurkeztuko ditugu. Talde berezi honen ezaugarrien ezagutza garrantzitsua da osasun-sistema publiko zein pribatuaren bidez ondo osatzeko gure gazteak, etorkizuneko osasun-arazoak gutxituz eta kirolaren ondorioz izaten diren lesioen kopurua eta larritasuna gutxituz. Adin erlatiboak hemen ere badauka eragina. Alde batetik, heldutasunik eza arrisku-faktorea da. Bestalde, taldeetan helduenek minutu gehiago jokatzen dutenez lesioak pairatzeko arriskua biderkatu egiten da.
ADINAREN ERAGINA GUTXITZEKO PROPOSAMENAK
Gaur egun urte-amaieran jaiotzen diren jokalariek gaztetan hautatuak izateko aukera gutxiago dituzte, nerabezaroan izandako desabantaila fisikoarengatik. Hori dela-eta, entrenatzaileek eta hautesleek datu hauek kontuan hartu beharko lituzkete arazoari aurre egiteko.
Bibliografia
Armstrong, H.G. (1966). A comparison of the performance of summer and autumn-born children at eleven and sixteen. British Journal of Educational Psychology, 36, 72-76.
Armstrong, N., & Welsman, J.R. (2001). Peak oxygen uptake in relation to growth and maturation in 11 to 17 years old humans. European Journal of Applied Physiology, 85, 546-551.
Baxter-Jones, A. D. (1995). Growth and development of young athletes. S,hould competition levels be age related? Sports Medicine (Auckland, N.Z.), 20(2), 59-64.
Borsboon, G.J., Van Pelt, W., & Quaryer, P.H. (1996). Interindividual variation in pubertal growth patterns of ventilator function, standing height and weight. American Journal of Respiratory and Critical Care Medicine, 153, 1182-1186.
Coelho e Silva, M., Moreira Carvalho, H., Gonçalves, C.E., Figueiredo, A.J., Elferink-Gemser, M.T., Philippaerts, R.M., & Malina, R.M. (2010). Growth, maturation, functional and sport-specific skills in 12-13 year-old basketball players. Journal of Sports Medicine and Physical Fitness, 50, 174-181.
Costill, D. L., Wilmore, J. H., & Kenney, W. L. (2012). Physiology of sport and exercise. Physiology of Sport and Exercise-9780736094092-66, 78,
Freyman, R. (1965). Further evidence on the effect of date of birth on subsequent school performance. Educational Research, 8, 58-64.
Gil, S., Ruiz, F., Irazusta, A., Gil, J., & Irazusta, J. (2007). Selection of young soccer players in terms of anthropometric and physiological factors. Journal of Sports Medicine and Physical Fitness, 47, 25-32.
Grondin, S., Deshaies, P., & Nault, L.P. (1984). Trimestres de naissance et participation au hockey et au volleyball [Trimestres of birth and participation in hockey and volleyball]. La Revue Quebecoise de l’Activité Physique, 2, 97-103.
Hoare, D.G., & Warr, C.R. (2000). Talent identification and women’s soccer: An Australian experience. Journal of Sports Sciences, 18, 751-758.
Malina, R.M., Bouchard, C., & Bar-Or, O. (1991). Growth, maturation and physical activity (2nd ed.). Champaign, IL: Human Kinetics.
Nolan, J.E., & Howell, G. (2010). Hockey success and birth date: The relative age effect revisited. International Review for the Sociology of Sport, 45(4), 507-512.
Russell, R.J.H., & Startup, M.J. (1986). Month of birth and academic achievement. Personality and Individual Differences, 7(6), 839-846.
Sickles, R.T., & Lombardo, J.A. (1993). The adolescent basketball player. Clinics in Sports Medicine, 12, 207-219.
Torres-Unda, J., Zarrazquin, I., Gil, J., Ruiz, F., Irazusta, A., Kortajarena, M., Seco, J., & Irazusta, J. (2013). Anthropometric, physiological and maturational characteristics in selected elite and non-elite male adolescent basketball players. Journal of Sports Sciences, 31(2), 196-203.
Ziv, G., & Lidor, R. (2009). Physical attributes, physiological characteristics, on-court performances and nutritional strategies of female and male basketball players. Sports Medicine, 39, 547-568.