Ekimenak
OEEk urtero hainbat ekimen antolatu edota antolatzen laguntzen du. Euren artean, honako hauek ditugu:
Agote Saria
2 urterik behin Agote saria antolatzen dugu, osasunarekin lotutako hainbat ikasgaietan, euskarazko testuen sormena eta argitalpena bultzatzeko.
Jose Antonio Agote Jemeinek gaztetatik izan zuen kezka euskaragatik. Osasun-arloan euskara bultzatzeko eta garatzeko ahaleginak egin zituen, besteak beste pazienteekin erabiliz, zenbait dokumentu kliniko idatziz, etab. Aitzindaria izan dela esan dezakegu.
Gure elkarteko bazkide izan zen bere sorreratik, ekintza guztietan parte hartuz, beraien antolakuntzan lagunduz eta inguruko profesionalak erakarriz.
Gaixo egon arren, ez zuen oztoporik izan 1999an Donostian "Genetika eta Osasuna" izenburuarekin egin ziren jardunaldien antolatzaile lanetan ibiltzeko.
Hori dela eta OEEn bere izenean sari bat abian jartzea erabaki genuen, berari egin ahal zitzaion omenaldirik onena berau zelako, bere ametsak lortzen saiatzeko lanean jarraitzea.
Agote sariaren bidez, lehen esan bezala, osasunarekin lotutako ikasgai ezberdinen testuak euskaraz sortzea eta argitaratzea bultzatu nahi dugu. Iaz esaterako, 'Giza-Fisiologia Farmazialarientzat' izeneko lanarekin irabazi zuten Agote saria EHUko Farmazia Fakultateko 3 irakaslek.
Saria 2.400 eurokoa da, bi urterik behin ematen dugu, eta babesle baten bila gabiltza kopuru honen erdia gutxienez, hau da, 1.200 euro jartzeko. Babeslearen ikurra sari honi dagozkion euskarri guztietan agertuko litzateke.
Ugarteburu Saria
Iñaki Ugarteburu sendagile eta irakasle zenaren omenez eta izenarekin, sari bat antolatzen dugu Azkue Fundazioarekin batera.
Sariaren helburuak honakoak dira:
euskarazko osasungintza testuak interneten ugaritzea
ikasleak egiten dituzten lanen biltegi bat euskarazko Wikipedian egitea
Iñakiren izena eta lana goraipatu eta oroitzea
Hemen ez da babeslerik behar, Azkue Fundazioaren babesa dagoelako.
Bertso-saio klinikoak
Bertso-saio klinikoak OEEk, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak, abiarazi zituen 2004an EHUko ikasleekin. Festa-giroan eta umorean antolatzen den bertso-saioa da, osasun-munduan euskararen erabilera eta harremanak sustatzeko asmoz. Parte-hartzaileak taldeka jardun ohi dute, eta bertsolariek emandako arrasto edo datuekin zein hitzi buruz ari diren asmatu behar izaten dute, gaixotasun bat askotan, baina bestelako hitz bat ere izan daiteke. Ondoren irabazle eta finalistak aukeratu eta opariak eman ohi zaizkie.
Osasuna euskalduntzen
Honen arira, 2011n antolatzen hasi ginen Topaketa batzuk. Hauen helburu orokorra OEEkideek osasungintzako hizkuntza politika aztertzea litzateke bere arlo guztietan: hezkuntza, asistentzia, arlo publikoan, pribatuan,… egin direnak eta egiteko direnak azaltzeko modu ireki eta zabal batean.